Hitzekin eta irudiekin jolasean

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 10a, 10:04
Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia erakusketan. (Juan Luis Romatet)

Bigara sorkuntza lantaldearen Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia erakusketa bisita daiteke Alondegiko Oxford aretoan maiatzaren 20ra arte.

Konturatu ote da jendea haur baten ahotik ateratzen den euskarazko lehen hitza, ama, palindromoa dela? Baita bigarrena ere: ata. Amama ere hor dago, palindromo bat, bere bost hizkiekin. Izan ere, palindromo bat aurretik atzera eta atzetik aurrera berdin irakurtzen den hitz, zenbaki edo perpausa da. Herri baten izena – Aia, esaterako– ere palindromoa izan daiteke. Zerrenda luzea egin daiteke palindromoak diren hitz, zenbaki edo esaldiekin.

Zerrenda luze eta amaigabe horietako bat osatu dute urteen poderioz Bigara sorkuntza lantaldea osatzen duten Itziar Aranburu donostiarrak eta Jon Ander Garcia zumaiarrak, eta horren emaitza da, beste lan batzuen artean, pasa den ostiralean Alondegiko Oxford aretoan zabaldu zuten Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia erakusketa.

"Jolasa" edo "jokoa" bezalako hitzak erabiltzen dituzte bi sortzaileek palindromoen inguruan azken urteotan egindako lanketari buruz hitz egiten dutenean. "Palindromoen gaia aitzakia bat da hitzekin jolasteko, pentsamenduekin jolasteko", dio Garciak. Hitzekin, formekin edo esanahiekin lanean aritu dira proiektua garatzerakoan. "Euskaraz, behintzat, ikusi genuen animalien izen askok, ispiluaren aurrean jarrita, beste hitz bat ezkutatzen zutela beste norabidean: hapo/zopa, asto/hotsa, ele/bele. Hortik tiraka, zerrenda luzea atera zen, eta hori izan da proiektu honen abiapuntua", dio Aranburuk. Letren formek izaki edo animalia irudiak sor zitzaketela ohartuta, "bestiarium garaikidetu" bat egiteko aukera aproposa zela ere ikusi zuen bikoteak. Hortik sortu zen proiektuari izena ematen dion Palindromo ilustratuen piztegia. "Aukera ematen zigun irudiak lantzeko, eta hitzarekin eta definizio asmatuekin jolasteko", gaineratu du Aranburuk.

Jolas horretan murgilduta, ohartu ziren euskarak palindromoetarako "potentzial handia" duela. "Beste hizkuntza batzuei begira ibili gara, eta badira potentziala duten batzuk –gaztelania, kasurako–, baina beste hizkuntza batzuek ez dute hainbeste", azaldu du Garciak.

Lan horren lehen emaitza 2020. urte hasieran Pamiela argitaletxearen bitartez plazaratutako Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia izan zen.

Liburuaren argitalpena kasu batzuetan prozesu edo proiektu baten amaiera gisa ikus badaiteke ere, kasu honetan, abiapuntua izan da beste proposamen artistiko batzuk lantzeko. Oxforden bisita daitekeen erakusketa da horren adibide. Hasiera batean, liburuaren aurkezpenarekin batera, erakusketa eta emanaldi musikatu batzuk antolatzeko asmoa zuten Bigarakoek. 2020ko izurriteak, baina, hasierako asmo horiek nolabait zapuztu zituen. "Erakusketa ia prest genuen liburua atera zenerako, baina pandemia eta itxialdia etorri ziren, eta gelditu egin behar izan genuen. Gero, denborarekin, egin dira, baina dena batera egin beharrean, azkenean, tartekatuta egin behar izan ditugu", dio Aranburuk. "Momentu hura galdu zen, baina ez da agortutzat ematen dugun zerbait; ez da iraganeko zerbait, orainaldikoa da", diote.

Ordutik gaur arte, Gasteizko Oihaneder etxetik edo ikastetxeetatik ere deitu izan dituzte "adin desberdinetako ikasleekin jolasteko, praktikatzeko edo sortzeko".

Erakusketak gune desberdinak dituela diote Bigara sorkuntza lantaldeko kideek. "Ezkerreko horman zomorroak daude; alboan, A hizkitik abiatutako animalien irudiak –"irudiak animaliaren izenak duen hizki batekin sortuta daude, kasu honetan A hizkiarekin"–; 11 abereren irudiak doaz jarraian, eta kontsonanteez osaturiko denetariko bat ere badago", azaldu du Garciak. Ikus-entzunezkoek ere badute lekua erakusketan, "bideoekin eta ahotsekin jolasteko".

Gerturatze mota anitzak

Erakusketak, baita liburuak ere, gerturaketa mota desberdinak eskaintzen dituela diote sortzaileek. "Hizkiekin egindako irudi soil horiek haurrak –eta tipografien maitaleak– erakar ditzakete. Palindromoek kuriositatea sor dezakete gaztetxoen artean. Eta testuak ere badaude; horiek beste konplexutasun bat dute, eta beste adin tarte bati zuzenduta egon daitezke".

Erakusketa maiatzaren 20ra arte bisita daiteke Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Asteburu eta jaiegunetan eguerdietan ere zabalduko dute, 12:30etik 14:00etara.