Arraunlari talde bat erreskatatu dute Santiago parean trainerilla irauli ondoren

Erredakzioa 2023ko mai. 9a, 20:05

Gertaera 18:30ak aldera izan da Santiago hondartza parean. Olatuek Telmo Deun arraun elkarteko trainerilla bat irauli dute. Arraunlariak onik atera dira uretatik. 

Susto galanta izan du gaur arratsaldean Telmo Deun arraun elkarteko arraunlari talde batek. Trainerilla ligan murgilduta dago kluba, eta ontzi horietako batekin ari ziren entrenatzen mutilak Urolaren itsasadarrean. Bokalera hurreratu direnean, baina, olatu batek eraman egin du ontzia, baita irauli ere. 

18:30ak aldera izan da gertaera. "Antxoatan dauden arrantza ontziei begira geunden, eta han ikusi dugu trainerilla bat zegoela Santiago hondartza aurrean. Haizeolatu handia zegoen, eta olatu horietako batek ontzia jo du. Arraunlariek kontrola galdu dute eta halako batean irauli egin da", adierazi dio Baleikeri lekuko batek. Herritar honek larrialdietako telefonora (112) deitu duen bitartean, bertan zeuden beste lagun batzuk klubeko arduradunei deika hasi dira. Klubetik bi lantxa bidali dituzte arraunlariak erreskatatzera.

"Arraunlarietako bat bere kabuz atera da Santiagoko muturretik eta korrika joan da. Errioan lantxak zetozela ikusi duenean, batera igo da, eta beste arraunlariak laguntzera joan dira guztiak". Lekuko honen arabera, pare bat arraunlari Santiagora eraman dituzte, eta besteek barra aldera egin dute. Handik atera dira erriotik. "Ordurako udaltzainak bertan ziren, eta autoetan eraman dituzte". Zorionez, ez da zauriturik izan.

Ontzia lantxen bidez berreskuratu dute, baita lehorrera eraman ere. "Santiagora eraman dute, eta hango pantalanean jarri dute berriro uretan klubaren lokalera eramateko".

(Paol muturrean zegoen herritar batek grabatutako irudiekin osatutako bideoa da hau)