Indamendi tontorrera korrika

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 9a, 09:12
Asteburuko korrika saioan parte hartu zuten lagunak Indamendiko tontorrean. (Indamendi M.B.)

Indamendi bazkuneko Mendian korrika sekzioak laugarren irteera egin du pasa den asteburuan. Indamendi tontorrerako bidea egin dute saltaka.

Mendian korrika da Indamendi mendi bazkunak aurten sortu duen sekzio berria, eta dagoeneko lau irteera egin dituzte, sekzioaren izenak berak garbi uzten duen bezala, mendian korrika egiteko. Pasa berri den asteburuan egin dute laugarren korrika saioa eta oraingo honetan Indamendi tontorrera joan dira saltaka. "Giro ederrean taldeari izena ematen dion tontorrera, alegia, Indamendira, joan-etorria egin genuen. Bertan, eguraldia lagun, korrikalariok 360º-ko bista bikainez gozatzeko aukera izan genuen", azaldu dute irteeran parte hartu duten lagunek.

Hogei kilometro inguruko bira egin zuten, "non umorea eta laguntasuna ez ziren falta izan. Korrikalariok kirol honetaz gozatzeko eta datozen erronkak prestatzen jarraitzeko aukera paregabea izan genuen", gaineratu dute. 

Ekainaren hasierarako beste irteera bat aurreikusita dutela ere azaldu dute korrikalariek.