Marokoko Junior Pro txapelketa irabazi du Annette Gonzalez Etxabarrik

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 8a, 18:00
Annette Gonzalez Etxabarri, Marokoko txapelketako une batean (WSL / Laurent Masurel)

Marokon jokatu da Junior Pro nazioarte mailako surf txapelketa. Annete Gonzalez Etxabarri zumaiarrak garaipen handia erdietsi du bertan. Janire ahizpa bosgarren postuan sailkatu da. 

Gonzalez Etxabarri izena markatuta geratuko da Marokoko Casablanca hirian jokatzen den Junio Pro nazioarte mailako surf txapelketan. Iaz Janire Gonzalez Etxabarrik lortu zuen garaipena, eta urtebete beranduago haren ahizpa, Annette Gonzalez Etxabarri, igo da podiumera. 

Maria Salgado portugaldarraren aurka jokatu zuen zumaiarrak finala. Biek ere ez zuten olatu handirik hartu, baina finala amaitzeko bost minuturen faltan hartutako olatuak eman zion 16 urteko surflari gazteari garaipena. 

"Oso pozik nago berriro junior mailako proba bat irabazi izanaz", adierazi zion Gonzalez Etxabarrik worldsurfleague.com webguneari. "Bereziki, ahizpak iaz ere irabazi zuelako; beraz, zoragarria da biok irabazi izana. Aurreko urtean sailkapenean hirugarren bukatu zuen, eta ez nuen lortu munduko junior mailako txapelketara sailkatzea; beraz, denboraldi honetan nire helburua hori izango da, eta pozik nago hasiera honekin", gaineratu zuen.

Iaz garaile izan zen Janire Gonzalez Etxabarri ere Marokoko proban izan zen. Final-laurdenetan, baina, Sarah Leizeagak irabazi zion, eta ezin izan zuen finalerdiera pasatu.