Gaur hasiko da Nagusiekin Nagusientzat egitasmoko maiatzeko egitaraua

Onintza Lete Arrieta 2023ko mai. 6a, 09:34
Artxiboko irudian, adineko pertsona batzuk dantzan. (Txintxarri)

Maiatza Dantzan +60 dantzaldia egingo dute Eusebio Gurrutxaga plazan Joxe Mendizabalek gidatuta. Datozen bi astelehenetan ere ekintza bana izango da herrian, eta gogorarazi dute asteazkenero pasiera egiteko juntadizoa izaten dela, eta horretan gazte nahiz adinekoek parte har dezaketela.

Nagusiekin Nagusientzat egitasmoa martxan da Zumaian, eta maiatzeko egitaraua gaur bertan hasiko da. Izan ere, Maiatza Dantzan +60 dantzaldia egingo dute gaur, larunbata, 18:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazan. Joxe Mendizabalek gidatuko du dantza saioa.

Datozen bi astelehenetan jarraituko dute ekintzek. Etzi, maiatzaren 8an, eskulanetako oinarrizko tailerra emango dute Pandoro elkarteko kideek. Hitzordua Hogarrean da, 17:30ean.

Hilaren 15ean, berriz, joskintzako oinarrizko tailerra eskainiko du elkarte berak ordu eta toki berean.

Bi saioetarako izena eman beharra dago kulturetxea@zumaia.eus helbidean.

Ordubeteko pasierak

Ekintza horiez gain, asteazkenero pasiera egiteko juntadizoa ere egiten dute. 10:00etan Beheko Plazan elkartzen dira, eta hori irekia da adinekoentzat zein gazteentzat. Ordubeteko buelta egiten dute, eta parte hartu nahi duenak Gizarte Zerbitzuetan eman behar du izena. Telefono zenbakia honakoa da: 943-86 22 00.

Bide batez, Gizarte Zerbitzuen sailak gogorarazi du adinekoei eta beren familien beharrei laguntzeko daudela, eta lasai jotzeko eurengana. Sail horrek informazioa ematen du, adineko pertsonaren egoeraren balorazioa egiten du, eta baliabide eta prestazio egokietara bideratzeko aholkularitza lana egiten du.