Markesaren arraunlariak

Aitor Manterola Garate 2023ko mai. 6a, 10:00
Xabin Yeregui, Zumaiako paolaldean duen lokalean. (Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Zumaiako arraunaren historia hainbat katebegiz dago josita. Aroak dira. Horietako batek aurreko mendeko 40ko hamarkadako azken urteak eta Aita Mari Arraun Elkartea sortu artekoa hartzen ditu. Kanpotar ilustre batek eman zion hasiera aro horri: Forondako Markesak. Batel estropadak antolatzen hasi zen herrian. Arraunlari gazte haietako bat zen Sabin Yeregui, patroia. 

Eduki hau otsaileko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Arrauna ia lehia bakarrik da gaur egun, aurkariei irabaztea. Ez da, baina, kontu berria. Aspalditik dator haren ubera. Zumaian, arraunaren historia ez da Telmo Deun izen mitikoaren bueltan hasten. Aurreko aro zehatz baten segida da Aita Mari Arraun Elkartea sortu eta gaur arteko bidea, eta justu aurreko hori bizi izan zuen Sabin Yereguik (Zumaia, 1933). 

Etxe azpian duen garaje antzekoa museo bihurtua dauka: lanbidearekin lotutako traste zaharrak (motor egile izan ziren yereguitarrak), hango eta hemengo bestelako oroitzapenak, eta batez ere, argazki bilduma handi askoa. Arraunekoak horietako ugari. Denak paretan txukun-txukun jarrita. Adin handikoa izanagatik, burua bizi-bizi dauka oraindik, eta lau horma horien artean sartu orduko, hatza luzatuz Yereguiren mingaina azalpenak ematen hasi da: "Hori da Zumaiara ekarri genuen aurreneko trofeoa, eta beste hura, lehenengo bandera". Argazkietan, mutil gazte prestuak ageri dira. Orduko arraunlariak. Tartean, bera. 

"Askotan irabazten genuen Markesaren estropada. Galdu, batzuetan, baina galdutakoak ez dira esan behar"

Zumaian 1980ko hamarkadan hain ezagun egin zen hitza ere atera du: rezibimientua. Bazirela orduko hartan ere. Baina garaipenen kontuetara heldu aurretik, hasierara jo behar. Eta hor azaltzen da kanpotar ilustre bat: Forondako Markesa. Uda pasatzera herrira etortzen zen hura hasi zen batel estropadak antolatzen 1940ko hamarkadaren akaberan. Eta saritzen, moilatik Zubiaundiraino bi buelta ematen zituztenei. Bi maila zeuden: batean, 14 urtetik beherakoak lehiatzen ziren, eta, bestean, hortik gorakoak. "Aurrenekoetan irabazten zuen kuadrillari 100 pezeta ematen zizkion, eta bigarrengokoen garaileari, 400 pezeta", kontatu du Yereguik. Gazteenen artean lehiatzen zen Sabin, Iñaki Osa, Iñaki Amas eta Imanol Yereguirekin batera. "Beti ibiltzen ginen uretan, eta Bernardo Azkue Iturri-ren batelarekin plaiara [Santiagora] joaten ginen olatuak hartzera", kontatu du. 

15-16 urte zeuzkanean anaiek hartu zuten haien batelean, Arritokietako Ama izenekoan, "Hik gurekin etorri behar duk patroi". Ona izan behar zuen yereguitarrak gehiengo ziren batel hark: "Askotan irabazten genuen Markesaren estropada. Galdu, batzuetan, baina galdutakoak ez dira esan behar", bota du barrezka. Dirua gustura asko hartzen omen zuten: "Diru horrekin aberatsak ginen-eta! Pentsa, txikito ardoak perro handia balio zuen!". Forondako Markesaren estropada haiek izan ez balira... "Han hasi zen dena", azaldu du indartsu Yereguik. 

1952: urte emankorra

Serio hartzen zituzten lan horiek orduko zumaiar gazteek. Bai, behintzat, yereguitarrek. Entrenamenduak eta guzti egiten zituzten estropada preziatu haiek prestatzeko. "Tailerretik atera 20:00ak aldean, batela hartu Moilaberriko almazenetik, bizkarrean jarri, eskailera piko askoak jaitsi, eta uretara", kontatu du. Ia egunero ibiltzen ziren horrela, udaberri eta uda garaian, eta neguan ere bai, eguraldi onarekin, saiakeraren bat edo beste egiten zuten.

"Ignacio Eizagirre portero mitikoari okurritu zitzaion batel estropada antolatu behar zuela Madrilen, Retiro parkean. Han joan ginen, eta irabazi ere bai"

Entrenamendua entrenamenduari lotuz, eta Markesaren estropadak jokatuz, iritsi zen 1952. urtea. Emankorra izan zen oso gazte haientzat. Uretan, lehian, bizipen handiak bizitzea tokatu zitzaien, eta uretatik kanpo, gorabeheraren bat ere bai. Aurrenekoa herrian bertan izan zen, eta obisporen bat Zumaiara zetorrenez, batel estropada antolatu zen. Moila bazterrak lepo zirela jokatu zuten: "Gu ondo hasi ginen, baina behea jo genuen azkenerako", kontatu du Yereguik. 

Beste ilustre batek bideratu zituen aurreneko kirol mugarri handira: "Ignacio Eizagirre portero mitikoari okurritu zitzaion batel estropada antolatu behar zuela Madrilen, Retiro parkean, sanisidroetan. Gipuzkoako Arraun Federazioko presidentea zen orduan. Han joan ginen, eta irabazi ere bai". Eta hatzarekin, argazki bati begiratzeko gonbitea luzatu du: "Horixe izan zen aurreneko trofeoa". 

Joan egin behar zen orduan Madrilera Zumaiatik. Izan zuen berea bidaia hark. "Kamioi batean joan ginen. Mendirako-eta erabiltzen ziren MG haietako batean, tur-tur-tur. Donostiatik ekarri zuten kamioia, eta han joan ginen Hondarribia-Iruneko bateleko arraunlariak eta gu". Eserlekuak ez ziren izan edonolakoak: "Elizako banku baxuak jarri zituzten kamioiaren barruan, gu esertzeko, eta han joan ginen. Arraunak eta bi batelak, gurea eta haiena, berriz, gainean". 12 orduko bidea joateko, eta beste horrenbeste bueltatzeko. "Burgosen egin genuen gaua joaterakoan, eta hurrengo goizean, Madrileraino". Batel hartan arraun egin zuten Sabinek, Iñaki, Severiano eta Javier Yereguik, eta Joakin Urkidik (ordezkoak Joxe Mari Gorostola eta Bernardo Azkue Iturri ziren). 

Aurkarien artean, Hondarribia eta Irungo batelaz gain, Madril bertako bat ere bazen, eta "beste toki batzuetakoak ere bai", Yereguik esandakoaren arabera. Horiek guztiak nola prestatu ziren auskalo, baina zumaiarrak ez ziren denbora pasa joan Espainia aldera: "Astean bizpahiru aldiz, Iraetara joaten ginen entrenatzera, ibaira. Ur gozoa izan, eta orain baino dezente gehiago zegoenez, leku ona zen". Horretarako ere kamioi bat tartean: "Kastorrenean eramaten genuen batela". Eta entrenamendua bezain garrantzitsua zen beste zerbait ere bai: "Bertan geratzen ginen gero afaltzen". 

Kastorren kamioiak beste zeregin bat ere bete zuen Madrilgo estropadarekin lotuta. Rezibimentua egin zitzaien Madrildik bueltan. Ondo gogoan dauka Sabinek: "Luixito Urteaga-eta zain geneuzkan Madrilen. Sartu gintuzten Kastorren kamioian, eta herrian barrena ibili ginen, behean jendea saltoka ari zen bitartean, musika jotzen. Festaaa! Udaletxeraino joan ginen horrela". Gero, afaria eman zietela ere gogoan dauka: "Etxabe IV.renean izan zen. Dena beteta zegoen. Luze joan zen zelebrazioa". 

Beste harrera bero bat ere bizi ahal izan zuten urte berean. Irungo bandera ekarri zuten, bateletakoa hura ere. Baina gero, ur aparretan zihoan taldea hautsi egin zen, yereguitarren kalapita bat tarteko. "Ni aparte nengoen", gogoratu du Sabinek, "baina gerora ere ez ziren konpondu". Kontuak kontu, beste kuadrilla bat osatu beharra zegoen, eta batel berri baten bueltan osatu zuten: "Juan Carlos Iraundegik eskatu zuen batela egiteko Orion, arraun eta guzti. Guri eman zigun", kontatu du, eta kontakizunari gehitu dio nola egon zen batel haren argazkia Goiko Bodegoian urteetan. Kuadrilla berri hartara Luxiano Pascual eta Evaristo Osa batu zituztela kontatu du Yereguik. 

"Luixito Urteaga-eta zain geneuzkan Madrilen. Sartu gintuzten Kastorren kamioian, eta herrian barrena ibili ginen, behean jendea saltoka ari zen bitartean, musika jotzen"

Txapelketa handi batera joateko aukera ere izan zuten 1952 loriatsu hartan: Espainiako Txapelketa. Sabin eta Iñaki Yereguik, Pascualek, Osak eta Gorostolak osatzen zuten batela. Irunen jokatu zen hura ere, eta zumaiarrak hirugarren geratu ziren, hamahiru lehiakidetik. "Iberia-Sestaok irabazi zuen, eta bigarren Orio geratu zen, beti irabazten zigutenak". Tartean, gerora Zumaian aholku batzuk eman zituen Batista Oliden oriotar mitikoa zutela. "Azkenerako, lagunak-eta dena egin ginen", kontatu du. 

Ontziak garbitzeko, tipula

Beste garai batzuk ziren, beste bizimodu bat zen ordukoa. Eta arrauna ere ezberdina zen oraingoaren aldean: "Beste kirol bat da oraingoa ia-ia", dio Yereguik. Hasteko, materiala beste molde batekoa zen: "Pentsa, garaiko traineruek 400 kilo pisatzen zituzten, eta oraingoek 200 eskas". Arraunak ere egur-egurrezkoak ziren, astunak, "beruna ere sartzen zitzaielako". Material guztia zaintzeko modua ere zeharo ezberdina zen: "Tipula ematen genion ontziari, lapizplomo izeneko hautsa eman, eta batela distiratsu lagatzen zen, gehiago korritzeko. Tipula ebaki eta eman, hautsa gero, trapua pasa eta... Lau bat lagun ibiltzen ziren guri laguntzen... ‘Aquellos tiempos del cuple’... ez zegoen dutxarik eta ezer ez garai hartan". 

Entrenamenduak nolakoak ote ziren galdetuta, "oraingoen aldean zeharo ezberdinak" zirela erantzun du: "Joaldi batzuk egin, geratu, irteerak eta ziabogak entrenatu... Horrela ibiltzen ginen, geure erako entrenamenduk egiten". Hori bai. Iñaki anaia famatu du: "Hark bazekien neurrien berri-eta. Ona zen, eta entrenamenduak prestatzen zituen". 

Arraunean egiteko eraz ere badu zer esanik: "Lehen, gorputza botatzen genuen atzera, eta orain arrauna botatzen da (keinua egin du eskuarekin, mugimendua adieraziz)". Etzate kontu horretara nola heldu ziren kontatu du: "Batel baten muturra geratu bezala egiten zenean uretan, korritu gabe, Iñaki anaiari esaten nion hori ez zela ona. Ezin, ba, ontzi hori aurrera joan. Orduan hasi ginen etzaten". 

Traineruan ibiltzen utzi ez, eta agur

1952az geroztik, arraunaren lehia indarra hartzen hasi zen, eta trainerilla eta trainerua ere atera zituen Zumaiak. Han ibiltzen zen Sabin, B trainerillako patroi, disgustu handia eman zioten arte: "Ez zidaten utzi traineruan ibiltzen, gaztea nintzela-eta. Baztertu egin ninduten, eta ez nintzen gehiago joan, minduta". Ondorengo urte batzuetan, lehiari dagokionez, bakarrik Forondako Markesaren estropadan atera zen. Bestelakoan, Iñaki anaiarekin bikoan ere atera zen estropada batzuetan, eta irabazi ere bai bat edo beste. 

Garai hartan, traineru polita omen zeukan Zumaiak. "1954an, Donostiako bandera irabaztekotan egon zen", azaldu du, orduan laguntzaile lanetan aritzen zenak. Kontxako estropada hartaz kontu honen berri eman du: "Galarraga zen patroi, eta kanpora joateko, zakua eraman zuten traineru barruan, popa aldean. Bueltakoan, barruranzko luzean, zakua uretara bota zutela, ez zutela, kontua da atzean geratu zela trainerua, eta akabo bandera". Beste kontu bategatik ere ekarri du solasaldira 1954koa: "Iberia-Sestaok irabazi zuen, eta patroi Andoni izeneko bat joan zen. Ni bezain gaztea zen. Hari lagatzen zioten, baina niri ez". 

1960ko hamarkadan, Pulpo elkarteak batela erosi zien oriotarrei: "Batista Olidenena eta haiena zen". Yereguik jokatu zituen estropada batzuk talde horrekin, pare bat urtean. Baita uretara erori ere: "Donostian izan zen, badian, negu partean, bat Santo Tomasen bueltan, eta bestea San Sebastianen jiran. Hura hotza! Igerian bueltatu behar izan nuen gero lehorrera". Talde harekin ez zuen ezer irabazi. 

"Zumaiak Kontxako Bandera bigarren aldiz irabazi zuenean, 1987an, epaile lanetan nenbilen ni, uretan"

Herriko beste arraunlariei laguntzen aritu zen gerora. Baita patroiei erakusten ere. Eta ibilian-ibilian, Aita Mari Arraun Elkartea sortu zen urteen joanean. 1975ean izan zen. "Ez nintzen bertan sartu, orduan Anaden nenbilen zuzendaritzako postuetan". Baina berandu baino lehen egin zioten kasu klubetik, laguntzeko. Eta horri segika, arraun epaile bukatu zuen. "Agustin Iturain koinatua ibiltzen zen delegatu lanetan, Goikorekin batera [Luis Mari Goikoetxea], eta 1983an, Kontxako Banderako istilua eta gero, eskatu zidaten estropadetara laguntzeko". 

Araudi osoa ikasi behar izan zuen, eta horrela egin zen epaile, hamar urtez. "Tokatu zitzaidan kontu ilunen batzuk bizitzea. Santurtziri bandera kendu eta Zierbenari eman niolako, haiek hauei enbarazu egin zietelako, santurtziarrek uretara bota nahi izan ninduten Santurtzin bertan, baina neuk bota nituen". Betirako gordetzeko oroitzapen eder bat ere badu, ordea: "Zumaiak Kontxako Bandera bigarren aldiz irabazi zuenean, 1987an, epaile lanetan nenbilen ni, uretan". Eta hatzarekin, harro, argazki bat erakutsi du: "Ikusten, hor non den traineru hori, Kontxa irabazi eta segituan".