Erretratua

Josebe Ormazuri, sortzaileen konplize eta bitartekari

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 7a, 08:00

Ilustrazioa: Karmele GorroƱo

Zorteko pertsona izan dela onartzen du Josebe Ormazurik, baina gero horri zukua ateratzen ere jakin izan diola. Ondorioz, ez ditu alferrik bete hiru hamarkada Elkar argitaletxean lanean; hasieran, musikaren esparruan, eta gaur egun, promozioko koordinatzaile gisa. Bere ibilbide profesionala, aitzitik, irratian hasi zen, kazetari lanak eginez.

Eduki hau otsaileko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Bizitza erdia baino gehiago darama Josebe Ormazurik (Zumaia, 1965) Elkar argitaletxean lanean, eta urte hauetan guztietan euskal kulturaren bilakaeraren lekuko izan da. Bere hastapenak, baina, kazetaritzan izan ziren. "Nik uste dut istripuz ikasi nuela kazetaritza, zerbait ikasi behar zelako. Ikasketak bukatu nituen, baina ez dut inoiz bokaziorik eduki". Zumaiatik Bilbora joan zen, Leioako fakultatera Kazetaritza ikastera, eta bertan bi urte eta erdi egin zituen. Ondoren, bere kasa bukatu zituen ikasketak, lanean hasi zelako Donostian, Herri Irratian. "Larunbat arratsaldez joaten nintzen irratira, erdi bekadun moduan, Maddalen Iriarterekin. Gero sartu nintzen erredakzioko parte izatera, eta Txaro Arteaga, Paco Sagarzazu eta Mariano Ferrerrekin lan egiteko aukera izan nuen".

Garai hartan Herri Irratia erreferente bat zela nabarmendu du Ormazurik, "egundoko jendea" aritzen zelako, eta bertan lan egitea abagune ederra izan zela bere ibilbidean. "Adibidez, Marianorekin lan egitea sekulako zortea izan zen, punta-puntako kazetaria zelako. Horrek izugarri aberasten zaitu, kazetari bezala ez dut uste, baina bai lan egiteko moduan. Azken finean, miresteko jendea zen. Gainera, berarekin erlazio polita mantendu nuen zendu zen arte".

Hain justu ere, irratian aritu zen azken urtean Ferrerren lantaldean jardun zuen, hark goizean goiz gidatzen zuen saioan, Jokin Aldazabalekin batera. "Ferrerrek ETBn Sin permiso egiteko aukera izan zuen hurrengo urtean, eta berarekin joan nintzen telebistara. 1989an izango zen. Garai gogorrak izan ziren haiek, eta saio potentea izan zen hura, denetarik gertatu baitzitzaigun. Egia esan, asko ikasi nuen". Ondoren, urtebeteko tartea hartu zuen, eta au pair moduan Irlandara joan zen ingelesa ikastera. Bueltatutakoan, Elkar argitaletxean sartu aurreko bere azken kazetaritza lana egin zuen: "Beste urtebetez telebistan aritu nintzen, Josetxo Lizartzarekin lana eginez, Begirik kendu gabe saioan. Bertan nengoela Elkar argitaletxean hasteko aukera suertatu zitzaidan, 1992an, eta harrezkero, 30 urte hauetan bertan jarraitu dut".

Joxemari Goikoetxea Elkar argitaletxeko musika arloaz arduratzen zen, eta sasoi hartan disko bat argitaratzen zenean hedabidez hedabide joaten zen aleak pertsonalki eskura banatzera. "Beste garai batzuk ziren; gerora hasi zen materiala postaz bidaltzen". Irratian zebilen garaitik ezagutzen ziren Goikoetxea eta Ormazuri, eta telebistara egindako bisita batean joan zitzaion galdezka zumaiarrari ea lan egingo ote zukeen Elkarren. "Elkarrizketa bat egin zidaten, eta barrura! Musikako departamentuan hasi nintzen lanean berekin, baina hain zorte txarrarekin, ezen handik gutxira hil egin baitzen. Orduan, Anjel Valdes etorri zen, eta urteetan elkarrekin aritu ginen zeregin horretan. Gero, denboraren poderioz, beste erantzukizun batzuk izan ditut, eta egun, Elkarreko promozio koordinatzaile lanetan nabil", zehaztu du.

Artista jendea "espeziala" dela dio zentzu onean. "Normalean oso jende jatorra da, baina artistak artista dira, eta artista izan behar dute, bestela jende normala litzateke eta". Nolanahi ere, denetarik dagoela aditzera eman du, eta noiz edo noiz esan izan duela: "Liburu bat idatziko banu...". Baina argi du ez duela idatziko. "Askotariko kontuak bizi izan ditugu, baina artisten eszentrikotasun horietatik kanpo, asko ematen duen jendea da, eta harreman profesional-pertsonal majo bat lortzen duzu beraiekin. Batzuetan erre egiten zara, baina, era berean, asko betetzen zaitu".

Oro har, zorteko izan dela dio, musikari asko eta asko gertutik ezagutzeko parada izan duelako: "Mikel Laboarekin lan egiteaz aparte, lagun harremana izan dut, edo Xabier Leterekin Bilbora joaten nintzenean kontatzen zizkidan gauzak ditut gogoan. Jende asko ezagutu dut: Lourdes Iriondo, Oskorriko kideak, Joseba Tapia... Garai bateko multzo horrekin lan egitea tokatu zait, ni neska gazte bat nintzela. Bizitzako ikasgai fantastiko bat izan da niretzat, eta oraindik ere, ahal den neurrian, artista askorekin harremanari eusten diot".

Belaunaldi berriak ere kontrolatzen ditu, jada ez musikariak bakarrik, idazleak ere bai. Garaiak, ordea, aldatzen joan dira, eta komunikatzeko bideak ere bai. "Gaur egun, online egiten da guztia, eta ez duzu artistekin aurrez aurreko erlaziorik. Gauzak konpontzen dituzu posta elektronikoz, sortzaileak apenas ezagutu gabe". Orain nagusitzen den hoztasunarekin goibel ageri da Ormazuri. "Sasoi batean, aldiz, haiekin bizitzen zenuen guztia, haiengana jotzen zenuen, beraien etxera joaten zinen. Beste harreman bat zen. Beste era batekoa zen elkarbizitza".

Kazetaritzan ez zuen luze iraun, baina Elkar argitaletxean 30 urte bete ditu. "Askotan ez naiz jabetzen zer eman didan Elkarrek, baina atzera begira jartzen naizenean, konturatzen naiz zeinen zorte onekoa izan naizen, batez ere garaiko musikariekin egoteko, ikasteko eta haien berri beraien tokitik bizitzeko aukera izan dudalako. Gero, handia da euskal kultura bertatik bertara bizi ahal izatea argitaletxearen bitartez; gainera, oraintsu 50 urte bete dituen honetan".

Bera hasi zenetik kultura alorrean aldaketa handiak bizi izan dituela nabarmendu du; batez ere, musikaren esparruan, eta euskarriari dagokionez. "Lehen disko bat egiten zenuen eta plazan jartzen zenuenerako guztiak saltzen zenituen. Orain, ordea, sustatu egin behar duzu, eta euskarriaren beraren krisia ere hor dago. Eta jendeak ere nola bizi zuen argitalpen bat: adibidez, Sorotan Beleren lehen diskoa sekulako eztanda izan zen, eta bigarrena ateratzerakoan Ser irrati kateak primizia nahi zuela esanez hots egin zigun. Gu ez geunden horrelako gauzetara ohituak". Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar, Oskorri, trikitiaren boom-a... Oroitzen dituen garai arrakastatsuetako batzuk dira.

Teknologiak ere egundoko berrikuntza izan du, eta aldian-aldian egokitzea tokatu zaio. "Nik fax bidez egiten nituen prentsaurrekoetarako deialdiak, eta horretarako arratsalde pasa ederrak egiten nituen. Aurrez aurreko eta telefono bidezko harremana asko egiten genuen orduan. Gaur egun, apenas egiten dugu halakorik". Sare sozialak "gorroto" dituela aitortu du, eta "zorionez, nik ez ditut eramaten, koordinazioaz arduratzen naizelako". Nolanahi ere, badaki ezinbestekoak direla egun eta lanketa hori egin behar dela. "Baina iruditzen zait beranduegi datorrela niretzat. Gauza asko ikasi behar izan ditugu etengabe, eta pandemia garaian ere prentsaurrekoak online egin izan ditugu. Aldaketa asko dira, eta ni beste garai batekoa naiz", desenkusatu du bere burua.

Dena ez da euskal kulturgintza izango, bada. Ormazurik betidanik izan du mendizaletasuna; aitagandik datorkio. Txikitan etxekoekin joaten zen mendira, baita Indamendi mendi bazkunarekin ere.

Orain, Zarautzen bizi denez, Pagoeta mendizale elkartearekin edo lagunekin ibiltzen da asteburuetan; batez ere, hemen inguruko mendietan, baina tarteka Pirinioetara edo Espainiako beste txokoren batera ere joan ohi da. "Mendi gailurrak igotzea ez da inoiz nire helburua izan. Mendian eta mendiaz gozatzea da nire asmoa, eta lagunarte egokian bada, askoz hobeto".

Bestalde, Zarauzko Emakume Korrikalariak taldeko kidea ere bada hasiera-hasieratik, eta bere hitzetan, "hori ere istripuz" izan zen. "Ariketa fisikoa egite aldera, korrikalarien taldea sortu zutenez, bertan hasi nintzen". Entrenatuagatik ere, gero ez du lehiatzen, ez baitu bere burua kirolaritzat jotzen. Halere, Lilatoian hartzen du parte urtero, eta Behobia-Donostia lasterketa ere egina dauka. "Baita ederki pasatu ere!".

  • Adina: 57 urte.
  • Ikasketak: Kazetaritzan lizentziatua.
  • Lanbidea: Elkar argitaletxeko promozio koordinatzailea.
  • Elkarreko langilea ez banintz… Haur txikien irakaslea izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Buelta bat ematea; ahal bada, mendi aldera.