Rockaren hastapenetan bidelagun izan zituen taldeei aitortza egingo die Leok'k taldeak

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 6a, 08:00
Leok'k taldeko kideak. (Luis Llavori)

Leok'k seikoteak kontzertua emango du datorren ostiralean, hilaren 12an, Zumaiena aretoan. Bizirik hala ere diskoa aurkeztuko dute zuzenean, eta Rockaren sorrera gogoan ikus entzunezkoa ere emango dute ekitaldiaren hasieran.

Iazko urte amaieran plazaratu zuen Bizirik hala ere zuzenekoan aurkeztuko du Leok'k musika seikoteak datorren ostiralean, maiatzaren 12an, 20:00etatik aurrera, Zumaiena Ikastetxeko aretoan. Kontzerturako sarrerak aurrez salgai daude hemen, baita Zumaiako turismo bulegoan ere. Sarrerek 5 euro balio dute.

Euskal rockaren talde historikoa, 1960ko hamarkada amaieran sortu zuten Zestoan. Leok'k, baina, bigarren gaztealdi bat bizitzen ari dela ere esan daiteke. Izan ere, 2006. urtean elkartu ziren Sahararen aldeko proiektu batekin. Gelditzeko asmorik gabe, ordutik lau disko atera dituzte: Une bat... (2010), Infinituari segika (2018), Alferrik baita (2019) eta aurrez aipatutako Bizirik hala ere (2022). "Azken diskoko abestiez gain, aurreko diskoetako kanta batzuk joko ditugu, baita hiruzpalau bertsio ere", azaldu du Luis Llavori taldekide zumaiarrak. "Kontzertu polita izango dela uste dut", gaineratu du.

Aurretik, emanaldiaren hasieran, iazko azaroan Zarautzen egin bezala, Rockaren sorrera gogoan izeneko ikus-entzunezko bat erakutsiko dute. 1960ko amaieran eta 1970eko hamarkada hasieran eskualdean izan ziren, eta horietako asko ahaztuta dauden, rock taldeei aitortza egin nahi die Leok'k-ek produktu honekin. "Ikus entzunezko honekin erakutsi nahi dugu nola sortu zen rock giroa Urola Kosta eskualdean. Bai zer talde sortu ziren, baina baita nola joaten ginen zuzeneko musika ikustera La Cabañara, Arroan zegoen dantzaleku batera. Hemen lehen ez zegoen ezer ere Taosa zabaldu zuten arte; Zarautzen ere dantzalekuak bazeuden, baina zuzeneko musika ikusteko La Cabañara joan behar izaten genuen", du gogoan Llavorik. "Igandero eta jaiegunetan izaten ziren aktuazioak. Bailableak ziren, baina lehenoko bailableak ez ziren gaur bezalakoak. Orduko taldeek, guk egiten genuen bezala, Beatles, Deep Purple edo Santanaren bertsioak jotzen zituzten eta haiekin dantza egiten zen. Gero, baladak ere jotzen ziren une batean lotuan dantzatzeko". 

Urte horietan eskualdean talde mordoa sortu zela dio Leok'k gitarrista eta abeslariak. "Zumaian ez, Zumaian talde bakarra izan zen, Erupcion, Gautxorikoak [Jadarre] ziren horiek eta Led Zeppelinen-eta abestiak jotzen zituzten. Horiez gain, ni kantautore moduan aritzen nintzen, baina beste ezer ez zen atera. 

Ordutik urteak pasa badira ere, historia hori inork jaso ez duela damu da musikari zumaiarra. "Ez da inongo aldizkari edo egunkaritan jaso, ez du inork hontaz hitz egin. Horren inguruan ez dago ezer idatzita. Garai haietako talde guztiekin hitz egiten aritu ginen –musikari batzuk dagoeneko hilda daude eta bideo horretan oroitzen ditugu–, argazki batzuk lortu genituen eta orduerdi inguruko ikus entzunezkoa egin dugu. Talde bakoitzaren abesti adierazgarrienak ere sartu ditugu. Emanaldi honekin aitortza egin nahi diegu talde horiei eta haien lorpenei, eta atzetik etorri direnek haien bidea jarraitu dute".