Pulpo Eskubaloiaren harrobia, une historiko baten aurrean

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 4a, 12:31

Pulpo Eskubaloiko bost talde sailkatu dira Espainiako txapelketetako faseetara. Euskadiko eskubaloi federazioaren arabera, "historikoa" da Zumaiako klubak denboraldi honetan erdietsi duena.

Zumaiako eskubaloi kluba osatzen duten kideek ez dute datozen hiru asteburuetan atseden hartzeko aukera askorik izango: Espainiako txapelketetako faseak jokatuko dira egun horietan, eta Pulpo Eskubaloiko bost taldek lortu dute fase horietara sailkatzea. Denek ere, gainera, etxetik kanpo izango dituzte partidak, jokalarien familiek hala eskatuta.

Pozaren pozez dira Pulpo Eskubaloiko kideak lorpen honekin. Iban Narbaiza presidentearen arabera, Euskadiko federazioak hala aitortu ziolako, “historikoa” da klubak aurten lortu duena. “Espainiako txapelketetako sektoretara erkidego bakoitzetik talde onenak joaten dira, eta horretarako, gure kasuan, Euskadiko onenen artean sailkatu behar dute. Dituzten taldeen arabera, talde bat, bi, agian hiru ere joan daitezke, baina Pulpok bost talde eramango ditu aurten”, adierazi du. “Euskadiko federazioarekin hizketan egon ginen eta esan ziguten lortutakoa historikoa dela, ez dakitela inoiz kluben batek lortu ote duen bost talde sailkatzea Espainiako sektoreetara. Gurea, gainera, herriko jendearekin osatutako kluba da. Herriko jendearekin lan eginda Euskadi mailan onenen artean egotea Espainiako txapelketara sailkatzea, Bartzelona, Cangas, Bera Bera bezalako taldeetako filialen aurka jokatzera, hori disfrutatzeko eta harro egoteko lorpena da”, gaineratu du.

2019tik Espainiako txapelketetara talderik sailkatu gabe zegoen Pulpo. “Orduan bi talde bidali genituen, infantil mutilak eta infantil neskak, baina lau urtean ez genuen inor sailkatzerik lortu. Orain bost talde bidaliko ditugu”, dio Narbaizak. Bi kategoriatan, infantil eta kadetetan, bina talde sailkatu ditu klubak fase hauetara, eta jubeniletan bat. Jubenilek asteburu honetan bertan izango dituzte faseko partidak, Cangas de Morrazon (Pontevedra, Galizia). Kadeteek maiatzaren 12, 13 eta 14an izango dute hitzordua: mutilek Mislatan  (Valentzia, Herrialde Katalanak) eta neskek Puento Tocinon (Murtzia, Espainia); eta, amaitzeko, infantilek hilaren 19, 20 eta 21ean (tokia oraindik zehaztu gabe).

Bost talde sailkatu izanaren atzean azken urteotan egindako lana dagoela ere adierazi du Narbaizak. “Orain hiru urte lan metodologia aldatu genuen, eta esperientzia gehiago zuten entrenatzaileak jarri genituen beheko mailetan. Ekipoen kudeaketa aldatuta, irizpide batzuk jarrita, emaitza hau lortu dugu. Zorte faktore bat dagoela? Bai, baina kasualitatea ez da bost talde joatea bost kategoria desberdinetan”. 

Pulpo Eskubaloiak aurretik antolatu izan ditu Lubakin Espainiako txapelketako faseak, baina oraingo honetan kanpora joateko erabakia hartu dute. “Gurasoekin hitz eginda erabaki zen. Azkenean, ikusi dugu ekonomikoki antzerakoa dela klubarentzako: fasea hemen hartzea garestiagoa da, baina gero dirua errekuperatu dezakezu tabernarekin-eta. Baina, gurasoei galdetu genien eta bost taldeek kanpora joan nahi zutela esan zuten. Gu prest geunden bi aukeretarako, baina familiek erabakita kanpora joango gara. Behin Espainiako txapelketara sailkatuta, goazen Espainiara!”, azaldu du Iban Narbaizak. 

Presidenteak azpimarratu nahi izan du fase hauetara joatea kantxan bertan lortutako saria dela. “Urte osoan egindako lanaren emaitza da. Infantil mailako bi taldeak Gipuzkoako txapeldunak izan dira, eta besteak Euskal ligan onenen artean izan dira. Azkenean, kanpoan utzi dituzte aurrekontu handiagoko taldeak; kantxan bertan irabazi dute eta merezi dute kanpora joatea”.