Iñigo Peñak, Irati Osak eta Begoña Lazkanok urrezko dominak eskuratu dituzte Espainiako Kopan

Juan Luis Romatet 2023ko api. 18a, 13:00
Itxas-Gaineko lau neska seniorrak, asteburuan Trasonako urtegian. (Itxas-Gain)

Pasa den ostiralean hasi eta igandera bitartean jokatu zen Trasonan (Asturias, Espainia) urteko lehenengo abiadurako txapelketa.

Esprint modalitate olinpikoko Espainiako Kopa jokatu da pasa den asteburuan Asturiasen, Trasonako urtegian. Ostiralean hasi ziren piraguistak lanean eta igandera arte iraun zuen txapelketak. 

Estatu mailako txapelketa honetara Itxas-Gain klubeko sei kirolari joan ziren, guztiak ere senior mailakoak. 

Klubeko sei ordezkari joan dira bertara, lau neska eta bi mutil. Guztiak senior mailakoak, eta lortutako emaitzak txalotzekoak izan ziren, hiru domina erdietsi batzituzten. 

500 metroan, K1ean, Iñigo Peñak urrezko domina irabazi zuen eta emaitza horri esker Europar Jokoetarako txartela lortu du. Irati Osak eta Begoña Lazkanok ere urrezko domina irabazi dute, kasu honetan K2an 1.000 metroko distantzian. Lazkanok brontzezko domina ere eskuratu du, kasu honetan, K1ean, 1.000 metroan. Distantzia berean, Irati Osak bosgarren egin zuen B finalean, eta Eider Amundarain finalerdietan kanporatua geratu zen.

Emaitza hauetaz gain, Eider Amundarain eta Josefa Molina bigarren geratu ziren K2 1.000 metroko B finalean. Amaitzeko, klubeko lau neska seniorrak zazpigarren izan ziren K4 200 metroan.