Zumaienara lekualdatu dituzte Musika Eskolako haurren euskal dantzak eta kuadrillen arteko herri kirolak

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 15a, 11:26
Iazko euskal dantza saioko irudi bat. (Onintza Lete Arrieta)

Euria dela eta, aterpean izango dira bi ekitaldiak. Dantzak 13:00etan hasiko dira, eta gaztetxoentzako kuadrillen arteko herri kirolak, berriz, 17:00etan.

Euria iragarrita zegoen santelmoen hasiera egunerako, eta prebisioek ez dute hutsik egin. Hala, Zumaiako Udalak tokiz aldatzea erabaki du zenbait ekitaldi. Musika Eskolako ikasleek Ondartxo plazan eskaini behar zuten euskal dantzen ikuskizuna, esaterako, Zumaienan egingo dute gaurkoan. 13:00etan da hitzordua.

Toki berean egingo dute, arratsaldean, gaztetxoen kuadrillen arteko herri kirol jokoa ere. 17:00etan hasiko da ekintza hori.

Hemen dago ikusgai San Telmo jaietako egitaraua osorik.