Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Iruditzen zait gehien kontsumitzen duten eremuak herriak direla, eta aldiz egiten duguna energia hori natura izorratuz ateratzea da"

Asier Zamakola 2023ko mai. 1a, 00:00

Zumaia 2050ean nolakoa izango den jakiteko hainbat elkarrizketa egin ditugu herritarren artean, gure fokua energiaren erabilera eta etorkizunean jarriz. Hauxe da Asier Zamakolari egindakoa.

Europan daukagun energia kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?
Ez, noski. Hiru planeta ez dauzkagu, orduan, hori jakinda, garbi dago energia gastu maila jaitsi behar dugula bai edo bai. Ez dago besterik.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu? 
Nik uste dut baietz, baina denok jarri behar dugu gure partetik apur bat. Gauza txikietatik hasi beharko genuke, argiak itzaliz behar ez ditugunean, berogailuarekin kontuz ibiliz… Horrez gain, hemen argi dago bi multzo handi daudela energia kontsumitzen dutenak, eta gainera horrekin batera kutsadura gehiago sortzen dutenak. Alde batetik, garraioa, bakoitzak bere garraiobideak manejatzea, autoak eta abar norberak erabiltzea. Eta, beste alde batetik, industria. Bi alde horietatik neurriak hartu beharko lirateke. Industriaren produkzioa ezin da jaitsi, baina ez kutsakorragoa bihurtu daiteke, inbertitu ahal da energia ez-kutsakorragoak erabiltzen. Eta garraioari dagokionez, hainbeste kontsumitzen ez dugun garraio sistema batera jo behar dugu.

Herri bakoitzak bere energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?
Nik ez dut uste herri denek, herri bezela hartuta, autonomia edukiko luketenik energia nahikoa sortzeko. Esan nahi dut, Zumaia batek ez dut uste Zumaian kontsumituko litzatekeen energia guztia sortzeko gaitasunik edukiko lukeenik. Baina bai ingurune batek, Urolak edo Gipuzkoak, edukiko lukeela gaitasuna nahikoa energia produzitzeko, eta behar baldin bada gutxi bat ekartzeko kanpotik. Hitz egiten ari bagara eremu handi batetaz, Euskal Herri osoa adibidez, iruditzen zait sortu beharko lukeela berarentzat nahikoa energia.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Galdera latza da hori. Egia da momentu honetan daukagun bizi-ohiturekin energia gehiago behar dugula, baina iruditzen zait momentu honetan esploratu genitzakela beste bide batzuk. Eraikin publiko pila bat daukagu, erabili gabeko eraikinak, non teilatuek eduki ditzaketen plaka fotoboltaikoak mendiak, momentuz behintzat, urratu gabe. Eraikin bakoitzean jar daiteke poste eoliko bat ere, agian ez hain altua, baina bai nahikoa energia apur bat sortzeko. Orduan, iruditzen zait momentu honetan gehien kontsumitzen den eremuak herriak direla eta aldiz egiten duguna energia hori natura izorratuz ateratzea da. Saiatu gaitezen herrian bertan dauden baliabideak lehenengo aprobetxatzen (eraikinak, teilatuak, biomasa eta abar) eta gero, ez badaukagu ikusiko dugu. Hori dena testuinguru batean non gure energia kontsumoa murriztu behar dugun, norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu.

Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?
Bai, ahal dudan neurrian bai.