"Jatekoak eta Bertsio Gauak izaten dute arrakasta gehien txosnagunean"

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 12a, 17:00
Ezkerretik hasita, Izar Azkue eta Maddi Uranga txosna batzordeko kideak, atzo, txosnagunea jarriko duten eremuan. (Onintza Lete Arrieta)

Egun gutxi falta dira santelmoak hasteko, eta festen gune nagusietako bat txosnagunea izango da aurten ere. Izar Azkue eta Maddi Uranga txosna batzordeko kideek egistamoaren nondik norakoak azaldu dizkiote hedabide honi.

Urtero bezala, santelmoen aurreko egunetan lan eta lan dabiltza txosna batzordeko kideak larunbaterako dena prest izateko. Batzordeko kideetako bi dira Izar Azkue eta Maddi Uranga, eta azpimarratu dute "eragile eta norbanako asko" egoten dela urtero txosnen atzean. Boluntario lanetan, berriz, 200 lagun ibiliko direla kalkulatzen dute "sukaldean lanean eta barrako turnoak egiten". Barra atzean, esaterako, momentu lasaietan sei pertsona ibiliko dira, eta jende gehien dabilenetan, berriz, 10-12 lagun. Larunbatetan izaten da hori.

Karparen barrualdea santelmoak hasi bezperan osatzen dute, ostiralean, eta nabarmendu dute "jende asko" elkartzen dela laguntzen egun horretan. "Ikusten ez den lan pila bat egoten da, eta asko eskertzen dugu gazte pila bat etortzea laguntzera". 

Artxiboko irudian, txosnaguneaz arduratzen direnen talde argazkia. (Utzitakoa)

Txosnagunean edariak zerbitzatzeaz eta zuzeneko musika eskaintzeaz gain, jatekoa ere ematen dute: patatak, kroketak, bokatak, albondigak eta falafela. "Albondigak dira etxeko izarra. Geuk egiten ditugu, hilabeteak pasatzen ditugu horiek prestatzen, eta aurten, falafela ere eskainiko dugu haragirik nahi ez dutenentzat", azaldu dute. 

Sukaldeak arrakasta handia duela nabarmendu dute: "Uste dugu eskaintza duina dela, eta arrakasta handia duela. Iaz, esaterako, bi ordutan bukatu zen jan guztia, eta aurten kantitate handiagoa prestatu dugu. Jatekoak eta Bertsio Gauak izaten dute arrakasta gehien txosnagunean". Bertsio Gauari dagokionez, kontatu dute partaideek "oso serio eta ilusioarekin" jarduten dutela entseatzen urte osoan zehar. "Benetan sinesten dute, lan pila bat egiten dute, eta polita da zumaiarrak ikustea oholtza gainean".

Aurreko urteekin alderatuta berrikuntza askorik ez du izango aurtengo egitarauak, baina bakarren bat badago. Esaterako, igandean herriko musika taldeak bakarrik igoko dira oholtzara. "Guri ilusio handia egiten digu, berrikuntza garrantzitsua da guretzat. Musika talde asko eratu dira aurten herrian, eta asko idatzi digute txosnetan jotzeko gogoz. Herriko sortzaileei tokia egitea garrantzitsua da, eta bat egiten du gure balioekin", azaldu dute.

Gorputz eta identitate oro eroso sentitzeko tokia

Azkuek eta Urangak azpimarratu nahi izan dute festei "balio eraldatzailea" eman nahi dietela: "Guretzat garrantzia handia du auzolanetik eta herri-lanetik egiten diren festak antolatzea, beste festa eremu bat, gorputz eta identitate oro eroso sentituko diren festa eremua sortzea".

Onartu dute helburu horretan "oraindik mila lan egiteko" dituztela, baina azpimarratu dute protokolo feminista sortuta dutela eta txosnagunean bermatu egingo dela hori betetzea. 

Txandak egingo dituzten guztiei eta sukaldean ariko diren guztiei azaltzen diete protokoloa, "denek jakin dezaten egoera zehatz bakoitzean zer egin eta nola jokatu". "Hori asko zaintzen dugu, denontzat espazio erosoa izateko eta denok lasai ibiltzeko", gaineratu dute.

Eragile bakoitzak bere zeregina

Garai batean hainbat txosna jartzen ziren festetan, eta talde edo eragile bakoitzak kudeatzen zuen bere txosna. Azken urteetan, ordea, karpa jartzen dute Arranplan, eta gune osorako barra bakarra egoten da. Ernaik eta Presoen Lagunek kudeatzen dute hori; Gazte Asanbladak aurreneko larunbateko Gazte Eguneko bazkaria eta elektrotxaranga antolatzen ditu; Mugimendu Feministak protokoloaren ardura hartzen du eta baita gauez egiten duten manifestazioarena ere, eta "aurten, poteo feminista berritzailea izango da, rap-a sartu dugulako".

Aurreratu dute La Basu etorriko dela kantatzera, eta musikari gehiago ere izango direla harekin.

Iazko santelmoetako txosnagunearen aurkezpena. (Utzitakoa)

Dardarak laguntzen du Bertsio Gaua antolatzen –aurten hamahiru musika taldek parte hartuko dute–, eta norbanako askok ere parte hartzen du antolaketan, Azkuek eta Urangak azpimarratu dutenez. "Herritar askok sinesten du txosnen proiektuan, herriarekin eta herriarentzat egiten dugulako, eta jende pila bat elkartzen gara".

Azaro aldera hasten dira biltzen. Aurrena batzar irekia egiten dute; eragileek eta norbanakoek beren proposamenak jartzen dituzte mahai gainean, eta hortik abiatuta lantaldeak sortzen dituzte dena antolatzeko. "Lantalde horiek batzarretan azaltzen dute egiten ari direna".

Etxeko lanak amaituta, santelmoez gozatzeko momentua iritsiko da orain.