Lekeitioko Master Seriesa irabazi dute Goikoetxeak eta Manzik

Juan Luis Romatet 2023ko api. 9a, 08:42
IƱaki Osa Goikoetxea eta Mikel Manzisidor, Lekeitioko podiumeko gainean.

Zumaiarrak eta mutrikuarrak osatutako bikoteak irabazi du txapelketa, finalean Erkiaga eta Lekerikari 2-1 emaitzarekin irabazi ondoren. 

Zesta-puntako Lekeitio Master Series txapelketako finala jokatu zen atzo arratsaldez Bizkaiko herriko Santi Brouard pilotalekuan. Finalerdian gertatu bezala, ikusleek bete egin zituzten atzo ere frontoiko harmailak. 

Finalean, Iñaki Osa Goikoetxea eta Mikel Manzisidor aritu ziren gorriz, eta Aritz Erkiaga eta Unai Lekerika urdinez. Gorrientzako izan zen lehen seta, eta hor zer ikusi handia izan zuen aurrelari zumaiarrak, bederatzi tanto egin zituelako joko horretan. Seta 15-10 emaitzarekin bukatu zen Goikoetxea eta Manziren alde. 

Bigarren setean hobeto moldatu ziren urdinak, eta gorriek akats batzuk egin zituztela aprobetxatuz, 10-15 emaitzarekin irabazi zuten jokoa. Hala, berdinketa hausteko set laburrean erabaki zen partida eta, ondorioz, txapelketa. 5-2 emaitzarekin izan ziren irabazle Goikoetxea eta Manzi eta beraiek jantzi zituzten irabazleen txapelak.