Mugimendu sozialistaren "erreferentziazko gune" izan nahi duen Etxape zentroa aurkeztu dute gaur

Juan Luis Romatet 2023ko api. 6a, 16:15
Etxape zentroan egin den hitzaldiko une bat. (Juan Luis Romatet)

Aita Mari auzategiko lokal batean atondutako Etxape zentro sozialista aurkeztu dute gaur eguerdian. Epe hurbil eta ertainera begira zentro horretan egiteko asmoa duten jardueren berri ere eman dute lokaleko jardueraz arituko diren Kontseilu Sozialistako kideek. 

Azaroan okupatu zuten Eroskiren supermerkatu zaharrean egokitutako Etxape zentro sozialista aurkeztu du gaur eguerdian Urola Kostako Kontseilu Sozialistak. Aurkezpen hitzaldiaren ondoren, bazkaria eta kontzertu akustikoa izan dute. 

Eroskiren supermerkatua izan zen, eta azken hamarkadatan hutsik zegoen lokala, okupatu zuten pasa den udazkenean Kontseilu Sozialistako zenbait kidek. Eroskirekin akordio batera heldu ondoren, ordutik lokala berritzen eta atontzen aritu dira, eta gaur izan da egindako lana ikustek aukera. Lokal handia gela desberdinetan banatu dute, eta beharren arabera joan dira lanak bukatzen. Oraindik ere lokaleko gune batzuk bukatu gabe badituzte ere, gaur eguerdian egin dute Etxape zentroa ezagutzera emateko ekitaldia. Zumaiako eta eskualdeko beste herri batzuetako gazteak bertaratu dira Aita Marira, baita zumaiako heldu batzuk ere.

Aitor Tena Eizagirre zumaiarrak eman ditu hilabete hauetan egindako lanen eta etorkizunera begira dituzten asmoen berri. Hasteko, eskerrak eman dizkie bertaratu diren guztiei, baita hilabete hauetan guztietan laguntza eskaini dieten guztiei ere. "Eskerrak gertu egon direnei, baita distantziatik jarraitu gaituztenei ere. Eskerrak lehen gauak pasatzeko mantak eta izarak utzi zigutenei, eta eskerrak baita gezurren eta zurrumurruen aurrean aurpegia eman duten guztiei", gogoratu du Tenak. Lokalaren okupaziotik gaur egunera arteko hilabeteak "gogorrak eta emozio askokoak" izan direla adierazi du, eta lehen egun haietan izandako "adrenalina" ere gogoan izan du. 

Zentro sozialistak, orokorrean, mugimendu sozialistaren egoitza politikoak eta sozialak direla informatu nahi izan du Tenak; "mugimendu sozialista indartzeko eta garatzeko tresnak", hain zuzen. Zentzu horretan, zentroa elkargune eta espazio bat izango da, baina baita, hizlariaren hitzetan, egingo dituzten "jardueren erakusleihoa" ere. Etxape mugimendu sozialistaren "erreferentziazko gune" izatea nahi dutela azaldu du, "edozein pertsonarentzako, bai kideentzako baina baita interesa dutenentzako ere". Tenaren iritziz, gaur aurkeztu duten zentro sozialista "ez da espazio bat soilik, zerbait gehiago da". 

Inor aipatu gabe, hizlariak salatu du herri mailan zentro honi legitimitatea kendu nahian aritu direla, "intentzionaltasun batetik". Eroskirekin sinatutako hitzarmena hizpide, azpimarratu du "aurretik egindako okupaziorik gabe ez litzatekela posible izango hemen egotea". Tesiari eutsiz, bertaratutakoei zuzendu zaie: "Ikusi zenuten ertzainak etorri zirela lehen prentsaurrekoa eman genuenean. Ikusi zenuten Eroskiko ordezkari bat etorri zela sarraigile batekin, ertzainez eta udaltzainez lagunduta, ateko sarraila aldatzera. Ikusi zenuten hainbat gazte identifikatu zituztela. Lortutako borrokaren bidez izan da eta hemen mantenduko gara borrokaren bidez. Eroskirekin akordio bat lortu da, baina horrek ez du meriturik kentzen; presionatu egin genuen Eroski akordio hori lortzera".

Zentroan emango diren jarduerak

Etorkizun hurbil eta ertainerako dituzten asmoen berri eman du ondoren. Nabarmendu du ekitaldi eta jarduera guztiak Kontseilu Sozialistaren bidez jarriko direla martxan. 

Etorkizun hurbil batean, behin espazioa atontzea amaitzen dutenean, autodefentsa sozialistarako bulegoa zabalduko dutela adierazi du Kontseilu Sozialistako kideak. Lan-gatazka kasuetan aholkularitza eskainiko dela iragarri du. 

Aurrera begira, datorren ikasturte hasierarekin batera, euskarazko mintzapraktikak eskaintzeko asmoa ere azaldu du, "askok euskara ikasteko zailtasunak dituzte-eta". 

Etorkizunean, berriz, bilketak egiteko espazio bat izatea ere aurreikusten dute, "garaiaren eta beharren arabera arropa edota eskola materiala biltzeko". 

"Mugimendu Sozialistaren egoitza izango da hau, barrura begirako eta kanpora begirako lanak egiteko" esanaz amaitu du aurkezpeneko hitzaldia Tenak. 

Erlazionatuak