Santelmoetan herrira

Erredakzioa 2023ko api. 12a, 09:05

Hainbat eta hainbat dira herritik kanpo bizi diren baina santelmoetan ia hutsik egin gabe Zumaiara etortzen diren herritarrak. Horietako bost dira Elena Yeregi, Xabier Elizalde, Juan Mari Azpillaga, Joseba Egaña eta Paula Esnal. Honako galdera honi erantzun diote horiek: zergatik etortzen zara santelmoetan Zumaiara?

Elena Yeregi

Elena Yeregi zumaiar gazteak urteak igaro ditu Tarragonan (Katalunia) bizitzen, baina gaur egun, urrunago bizi da: Qatarren, hain zuzen. Tarragonatik urtero etortzen zen Zumaiara San Telmo jaiak ospatzera. Festetako bi asteburuetatik bat aprobetxatzen zuen Yeregik horretarako: "Ospitalean guardiak egin behar izaten ditut, eta, beraz, ohikoa da Aste Santuan lan egin behar izatea. Horregatik, guardien arabera erabakitzen nuen Zumaiara zein asteburutan joan". Aurten, ordea, "pena handiz" bada ere, huts egin beharko du Qatarren bizi den zumaiarrak.

Santelmoak ez ezik, Euskal Jaia ere gogoko du zumaiarrak, eta bi festetako bat hautatzea "zaila" zaion arren, santelmoetako kaleko giroa nabarmendu du: "Zumaiar askorentzat bezala, urteko egunik berezienak dira niretzat". Izan ere, festak lagunartean igarotzea eta gozatzea du gustuko: "Festak lagunartean bizitzen ditut, eta hori da gehien gustatzen zaidana. Kuadrillako kideez gain, urtean zehar ikusten ez dudan jendearekin elkartzeko aukera izaten dut santelmoetan".

Xabier Elizalde

Donostian bizi da Xabier Elizalde, eta urtero-urtero etortzen da Zumaiara santelmoetara. Herriko jaietan hutsik egiten ez duen horietakoa da. Zehazki, bi egunetan joaten da sorterrira; hala azaldu du: "Lehen asteburuko larunbatean eta astelehenean, hau da, San Telmo egunean". Azken hori da, hain zuzen ere, Elizalderentzat jaietako egunik garrantzitsuena; izan ere, familiako bazkaria egiten dute.

San Telmo festetatik gehien herrian sortzen den giroa du gustatzen zaio Elizalderi: "Kalean giro bikaina izaten da, eta guk etxean familiakoekin batera sortzen dugun giroa ere atsegin dut. Kuadrillakoak ere asko biltzen gara jai egun horietan, eta oso ondo pasatzen dugu; ederra izaten da".

"Herriko festak" bezala definitu ditu Elizaldek santelmoak, sanpedroekin eta beste festekin alderatuta "desberdinak" direlako jaiak.

Juan Mari Azpillaga

Hondarribian bizi da Juan Mari Azpillaga, eta Zumaiarekin duen lotura estua tarteko, etxera itzultzen da santelmoetan. "Zumaian izaten naiz lehendabiziko asteburuan, baina bigarrenean zailagoa egiten zait hara joatea. Dena den, ahal dudan guztietan, bigarren asteburuan ere joaten naiz Zumaiara".

Jaiez galdetuta, lagunekin el- kartzea eta egun horietan herrian sortzen den giroa aipatu ditu Azpillagak. "Kuadrillakoekin bazkaria egiten dut, eta hori izaten da niretzat ekintzarik garrantzitsuenetakoa. Jende asko elkartzen gara, kanpoan bizi garenok saiatzen gara joaten, eta lagunarteko giro horrekin eta herrian izaten denarekin, pozik ibiltzen gara, gustura egoten gara. Zumaiako festarik onenak dira santelmoak, dudarik gabe!".

Joseba Egaña

Joseba Egaña Zumaiako San Telmo kalekoa da, eta nola ez, santelmoak dira harentzat Zumaiako festa ederrenak. "Oraindik gogoan daukat gaztetan nola egoten nintzen festen zain; pentsa, santelmoekin ametsetan egindakoa ere banaiz". San Telmo kalekoa izanik, jaiak bizitzeko moduari erreparatu dio hark. "Beti izan dira jai bereziak niretzat. Orain 50 urte ditut, eta beste modu batera bizi ditut, baina santelmoek bereziak izaten jarraitzen dute niretzat".

San Telmo kaletik Gasteizera egin zuen salto Egañak duela urte batzuk, baina, hala ere, urtero-urtero etortzen da herrira festak ospatzera. "Gertu samar daude Zumaia eta Gasteiz, eta ez dut inoiz hutsik egin izan. Azken urteetan zailagoa egin izan zait jaietako bigarren asteburuan Zumaiara joatea, baina lehen asteburuan beti izaten naiz herrian".

Festetatik zer duen gogokoen galdetuta, "sentimendua" hitza atera zaio aurrena: "Badu zerbait berezia herritar guztiok modu berean jantzita ibiltzeak. Hori asko gustatzen zait, sentimendu bera dugula adierazten baitu. Bestalde, asko gustatzen zait kuadrillakoekin eta familiako kideekin elkartzea, bazkariak, poteoan ibiltzea... Askoz gehiago ez dut behar ondo pasatzeko. Gainera, urteko lehen festetakoak izaten dira; hau da, udan jaiak han eta hemen izaten dira, baina Aste Santuan ez dut beste festarik ezagutzen. Horregatik, jendeak San Telmo jaiak gogoz hartzen dituela esango nuke. Kanpotik ere jende ugari joan ohi da Zumaiara".

Paula Esnal

Paula Esnalek Londresen du bizitokia. Normalean jaietako lehen asteburuan etorri izan da santelmoetara, Zumaiara, bide batez Aste Santuko jaiegunak aprobetxatuta. "Aste Santuarekin lotu eta San Telmo eguna familiarekin, amamaren etxean, ospatze- ko aprobetxatzen nuen bidaia; izan ere, hori egun handia izaten da gure etxean".

Lehen Zumaiara "sarriago" etorri ohi zela aitortu du Esnalek; izan ere, badira urte batzuk santelmoetan herrira itzuli ez dela: "Orain, gainera, ama naiz, eta, beraz, logistika aldetik zailagoa zait Zumaiara joatea. Umearekin opor egunak nola eta non pasatu ondo pentsatu behar izaten dugu. Hala ere, semeari San Telmo festak erakusteko irrikiaz nago, niretzako bereziak dira eta".

Txikitatik, jaietako askotariko ekintzetan parte hartu izan du Esnalek: umeen danborradan, danborradako karrozetan, prozesioan, musika bandan... Adinean aurrera egin ahala, baina, barraken, kontzertuen, herri bazkariaren edota txosnen zain egoten zen. "Kalean izugarrizko giroa izaten da: txarangak, kofradiako giroa, jendea irribarretsu festan murgilduta...".

Santelmoek badute zerbait berezia Esnalentzat. Jaiek itsasoarekin duten lotura aipatu du: "Egun, Zumaiako festarik famatuenak direla esango nuke. Guztiok arrantzalez jantzita ateratzen gara kalera, eta itsasoarekin duten loturak egiten ditu berezi jaiak. Oroitzapen zoragarriak ditut, ez dago santelmoen parekorik munduan!".