"Gehien gustatzen zaiguna kaleko giroa da; festaren parte sentitzen zara"

Erredakzioa 2023ko api. 10a, 09:00

Barrikak nahiz danborrak ozen entzungo dira Zumaiako kaleetan apirilaren 16ko gauean. Azken urteetako partaidetza handienarekin egingo dute danborrada; 160 danbor jotzaile inguruk parte hartuko dute. Bi emakume ariko dira zuzendari lanetan: Maite Manzisidor (Zumaia, 1992) eta Araika Arrona (Zumaia, 1983).

Noiztik aritzen zarete danborradako zuzendari lanetan?

MAITE MANZISIDOR: Nik 2011. urtean zuzendu nuen lehendabizikoz. Bost urtez jarraian irten nintzen zuzendari, eta ondoren, utzi egin nuen bizpahiru urtez. Berriro hasi nintzen geroago.

ARAIKA ARRONA: Ni, berriz, orain dela gutxi hasi naiz, pandemia aurretik. Aurtengoa hirugarren urtea dudala uste dut.

Nolakoa izan zen zuzendari izan arteko prozesua?

A.A.: Ez dut prozesurik bizi izan. Garai batean, danborrada tradizionalagoa egiten zen Zumaian, eta haurren danborradako zuzendaria helduenera igarotzeko ohitura zegoen. Bestela, zuzentzen ondo moldatzen zen norbait hautatzen zuten. Lehen, gainera, zuzendaria arduratzen zen santelmoetako danborrada antolatzeaz, eta pixkana, danborrada beheraka egiten hasi zen. Izan ere, ardura guztia pertsona baten gain izaten zen, eta jendea danborrada alde batera uzten hasi zen. Danborrada desagertu egingo zela zirudienean sartu ginen gu taldean. Ez ginen zuzendari gisa hasi, ordea, antolatzaile bezala baizik.

M.M.: Zu taldera batu zinenean, ni zuzendaria nintzen dagoeneko. Danborradara batu nintzenean, bazen beste zuzendari bat; danborrak eta barrikak zuzentzen zituen hark, eta barrikak zuzentzeko beste norbait behar zuen. Gerora, utzi egin zuen zuzendari postua hark, eta orduan hasi nintzen ni danborrak zuzentzen. 2013an hasi ginen talde bezala lanean.

A.A.: Bost lagunek osatzen dugu boluntarioen taldea; ez gara elkarte bat. Kuriosoa da, baina inongo loturarik ez genuen bost pertsona bildu ginen antolaketarako. Dena den, badaude laguntza emateko prest dauden beste herritar batzuk ere.

Gaur egungo danborrada zuen esku dago, beraz.

A.A.: Bai, gu bion eta beste hiru pertsonaren esku.

M.M.: Eskerrak laguntza eskatzen dugun bakoitzean badagoen horretarako prest dagoen jendea: danborradan irteten urteak daramatzan jendea, adibidez.

A.A.: Danborrada nahiko herrikoia da orokorrean, hau da, ez dago elkarterik edo elkarte gastronomikorik atzean. Herriko jendea gara, danborradarekiko konpromisoa hartu dugun herritarrak, eta horri esker irten da danborrada aurrera. Batzuk danborradan irteten dira, eta listo; beste batzuek, berriz, pixka bat laguntzen dute. Denetarik dago.

Danborradak lan asko egitea eskatzen al du aurretik?

M.M.: Lan asko baino, bakoitzaren egoera pertsonala aipatuko nuke; izan ere, horrek asko eragiten du egitekoetan. Baserritarra naiz, eta nik daukadan prestutasuna eta beste taldekieena desberdina da; izan ere, ordutegirik gabeko lana da nirea, baita beste taldekide batena ere. Gainontzeko hiru lagunak, ordea, beti daude lanerako prest.

A.A.: Ardura batzuk daude betetzeko: entseguetarako lokala behar da, udalari eskatu behar zaio, materialaren kontaketa egin behar da, materiala prestatu... Egin beharreko gauzak dira, norbaitek egin egin behar ditu, hala egin ezean ez da-eta ezer eginda izango data iristean. Lana eskatzen du, baina ondo moldatzen gara boston artean.

M.M.: Oso ondo moldatzen gara gure artean, ez gara elkarren zereginetan sartzen. Familia bat bezala ikusten dut taldea, elkarrekiko konfiantza daukagu.

A.A.: Batek zerbait behar badu, beste batek laguntzen dio; adibidez, gutako batek ezin badu entsegura joan, beste bat joango da. Ahal den neurrian moldatzen gara, baina, lana eskatzen du. Dena den, aurtengoa inoiz ezagutu dudan danborradarik parte hartzaileena izango da.

"Izena emateko aukera zabaldu eta lehen asteburuan itxi behar izan genituen zerrendak"

Herritar ugarik parte hartuko dute, beraz. Zer moduz joan da izen ematea?

A.A.: 160 danbor jotzaile inguru izango gara,eta horiez gain, bandako eta txarangako kideak ere izango dira.

M.M.: Izena emateko aukera zabaldu eta lehen asteburuan itxi behar izan genituen zerrendak. Itxaron zerrendak ere badaude.

A.A.: Iaz baino 35 pertsona gehiago izango gara aurtengo danborradan.

M.M.: 2013ko denbadorradan, adibidez, zehatz-mehatz ez dakit, baina lau pertsonako sei ilara ere ez genituen osatu. Lehen gazteei zuzendutako danborrada izaten zela zirudien, baina 18 urtetik gorakoentzako da. Gainera, gurasoak animatzeko saiakera berezia egin genuen.

A.A.: Belaunaldi nahasketa gertatu da, lehen gertatzen ez zena.

M.M.: Aldaketa batzuk ere egin genituen: pieza batzuk kendu, beste batzuk gehitu, dantzak sartu...

A.A.: Erabaki batzuk hartu ziren, eta ondorioz, pertsona batzuek danborrada utzi zuten. Aipatzekoa da pertsona horiek ez zutela danborradaren antolakuntzan parte hartu nahi. Ardura hartuz gero, erabakiak hartu behar izaten dira, eta argi dago erabakiak guztien gustukoak ez direla izango. Guk hartu genuen ardura, eta danborrada dinamikoagoa, festa girokoa, egitea erabaki genuen.

M.M.: Ez da batukada bat, baina danborradak hartzen du estilo hori. Era berean, oso zorrotzak gara, eta danborra ondo jo behar izaten dugu. Inguruko herriekin alderatuz gero, entsegu asko egiten ditugu, gainera: ondo jo behar da, erritmoa mantendu, denok batera aritu... Parte hartzaileek gutxieneko entsegu batzuetan parte hartu behar izaten dute; hala egin ezean, danborradan irteteko aukera galtzen dute.

A.A.: Jende berri ugari izaten da danborradan urtero, eta beraz, hutsetik hasten diren danbor jotzaileak izaten dira. Horregatik, hamahiru entsegu egiten ditugu, eta horietatik, gutxienez, entsegu erdietara baino bat gehiagora joan behar izaten dute partaideek.

Entseguetan murgilduta zaudete. Zer moduz doaz?

M.M.: Ondo doaz. Errespetua ematen du zuzentzeak, jende ugarik eman duelako aurten parte hartzeko izena. Aurten, bideoak ere prestatu ditugu entseguetara joan ezin dutenei bidaltzeko.

Batek danborrak eta besteak barrikak zuzentzen dituzue. Gustuko duzue zuen egitekoa?

M.M.: Barrika behin bakarrik jo dut nik danborradan, 7 edo 8 urte nituela, eta danborra jotzeko jende gehiegi zegoelako. Gero, 19 urte nituela, barrika taldea zuzendu nuen, baina hori izan da barrikekin izan dudan esperientzia guztia. Danborzalea naiz oso, eta pena bakarra da santelmoetan arrada gutxi egiten ditugula.

A.A.: Nik, berriz, nahiago dut barrika. Hala ere, zuzendari lanetan aritzea baino nahiago dut barrika jotzen ateratzea. Baina, tira, egoera horrelakoxea zen; norbait jarri behar zen horretan, inork edo inork gutxik nahi izaten duelako zuzendari izatea. Izan ere, altueran egoten zara, denak begira direla, taldearen ordena mantendu behar duzu... Ez da erraza izaten.

Nola antolatzen duzue eguna? Urduritasuna izaten al duzue?

A.A: Goizean umeen danborrada izaten da, 12.00etan, eta guk ere parte hartzen dugu. Umeen danborradakoek laguntza behar izaten dute, eta gure taldeko bat horren antolakuntzan ere aritzen denez, laguntzera joaten gara.

M.M.: Umetatik hartu izan dut parte danborradan: danborra jotzen, karrozan... Egun, berriz, traktorea eramaten dugu etxetik.

A.A.: Modu batera edo bestera, egun guztia horretan pasatzen dugu, okupatuta. Gainera, material guztia prest uzten dugu ludotekan, handik hasten baita danborrada. Hurrengo ostegunean, apirilaren 13an, bukatuko ditugu entseguak, eta ostiralean dena prestatuko dugu. Danborradaren egunean, igandeko 19:00etan, soinu proba egingo dugu, megafonia ondo dagoela berresteko.

M.M.: Ibilbidea bandarekin egiten dugu, baina San Telmo kalean eta Kofradia aurrean megafonia erabiltzen dugu. Izan ere, bandarekin soilik ez litzateke musika behar adina ondo entzungo.

A.A.: 20:00etan afaltzera joaten gara, eta 22:00etarako ludotekan izaten gara. Aurten, gainera, 22:15ean hasiko da danborrada.

Danborradatik zer duzue gustukoen?

M.M.: Nik hiru une ditut gustuko: danborradari hasiera ematen dion txilibitua jotzen dudana; San Telmo kaleko momentua, akustika berezia izaten delako eta oilo-ipurdia jartzen zaidalako; eta Kofradia aurrekoa, bandera igotzen den momentua. Zirrara handiena, ordea, San Telmo kalean sentitzen dut nik, eta hori ez naizela kale horretakoa.

A.A.: San Telmo kaleko jendearentzat, ordea, oso berezia da une hori. San Telmo martxa, gainera, kale horretan jotzen dugu lehen aldiz. Isiltasun handia egoten da une horretan, kalea oso estua da, aldapan dago, eta egia esan, zirrara handiko momentua izan ohi da. Hala ere, gehien gustatzen zaiguna kaleko giroa dela esango nuke; festaren parte sentitzen zara.

San Telmo martxa aipatu duzue. Hori al da abesti bereziena?

M.M: Exijentzia handiena eskatzen duen abestietako bat da, Gora Zumaia kantarekin batera. Bi horiek ondo jo behar dira.

A.A.: Bai, eta aurten hori da, agian, entseguetan gehien kostatzen ari zaiguna: ondo jotzea. Izan ere, jende asko ari gara elkartzen. Kanta denak ditut gogoko. Halaber, kendu izan ditugu abesti batzuk errepertoriotik.

M.M.: Zerrendatik kendu genituen abestietako batzuk ez ziren Zumaiakoak, beste batzuk ez zitzaizkigun gustatzen... Hala ere, horiek kendu ahal izateko iritzia eskatzen dugu, eta egia esan, inoiz ez dugu arazorik eduki. Aurten, adibidez, beste kanta bat kendu dugu, jotzeko oso nahasgarria zelako.

"Beti esaten dut nire santelmoak danborrada amaitzean hasten direla. Aurretik kezkatuta egoten naiz"

Danborrada alde batera lagata, nola ospatzen dituzue festak?

A.A.: Beti esaten dut nire santelmoak danborrada amaitzean hasten direla. Izan ere, danborrada aurretik kezkatuta egoten naiz beti, gauza asko izaten ditut buruan, gauza asko egiteko...

M.M.: Duela urte gutxi hasi ginen, adibidez, bandera jaitsieran ere parte hartzen. Hamar barrika jotzaile eta bost danbor jotzaile ateratzen gara, zuzendaririk gabe.

A.A.: Txaranga bat ateratzen da urtero banderaren jaitsieran, eta ekitaldi horretan parte hartzea otu zitzaigun. Txarangako kideengana joan ginen danbor eta txapa jotzen ateratzea zer iruditzen zitzaien galdetzera, eta ontzat eman zuten proposamena.

M.M.: Benetan gozatzen dugun danborradako une bakarra banderaren jaitsierakoa izango da.