Rabunin izan da gaur Darahli elkarteko espedizioa bi bisita berezi egiteko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko api. 5a, 21:15

Egun osoko txangoa egin dute Erresistentziaren Museo Nazionala eta Bola ospitalea ezagutzeko. Ilundu aurretik itzuli dira Zugera.

Zugetik kanpo igaro dute eguna Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaiatu duten Zumaiako ikasleek. Kanpalekuetako hiri nagusia den Rabunira joan dira eta Erresistentziaren Museo Nazionala bisitatu dute goizean. Bazkalostean, berriz, herriguneetatik aldenduta  dagoen Bola ospitalean izan dira.

Darahli elkartearen talde osoa 09:00etan abiatu da autobusez eta aipatu museoan egin du lehenengo geldialdia. Bertan, Paco Sidha Frente Polisarioko kidea zuen zain eta haren gidaritzapean egin dute bisita. Hala, Mendebaldeko Saharako herriak bere independentzia lortzeko borrokaren prozesuaren nondik norakoak eta une honetan egoera zertan den azaldu ditu Sidhak XIX. mendearen bigarren erditik abiatuta. Horretarako, Saharako buruzagi garrantzitsuenak aurkeztu dizkie, lehenik eta behin, eta Marokok eraikitako 2.700 kilometroko hormari eta inguruan jarritako pertsonen aurkako minei buruz hitz egin die, ondoren. Gainera, mina horiek nolakoak diren ikusteko aukera izan dute gazteek, baita bestelako guda ekipamendua ere: tankeak, fusilak, granada jaurtigailuak etab.

Bisita amaituta, zumaiarrak autobusera igo dira atzera berriro Bola ospitalera joateko. Iritsi bezain pronto taldeko kide bakoitzari beren Haimetako arduradunek prestatutako ogitartekoa jan dute eta bazkaltzen ari zirela Rossanna Bonnetti kooperante italiarra gerturatu zaie. Erietxean bizi da Bonnetti bere ardurapean bizi diren aniztasun funtzionala duten hainbat haurrekin batera. Hori horrela, erietxeak eskaintzen dituen zerbituak nahiz bere aberria eta familia atzean uztera zerk eraman duen azaldu du; izan ere, behar bereziak dituzten sahararrei eskaintzen die bere egunerokoa.

Darahliren taldeko kide asko hunkitu dira Bonnettiren azalpenekin, eta amaitutakoan bertatik bertara bisitatu dute azpiegitura osoa. Zentzu horretan, esan behar da kanpalekuetako modernoena dela ziurrenik: laborategia eta ebakuntza gelak ditu, baratza eta oilotegia, estalitako igerileku txiki bat eta eskola ere bai. Horrez gain, kooperante italiarrak bere etxeko ateak zabaldu dizkie bisitariei.