Asteazkenean pasatuko da Itzulia Zumaiatik

Juan Luis Romatet 2023ko api. 3a, 12:30
2017ko Itzulia Zumaiatik pasatzen.

Itzuliako hirugarren etapa igaroko da Zumaiatik. 14:30ak aldera helduko da eta herrigunetik pasatuko da. 14:00ak aldera itxiko dute errepidea trafikoarentzako. 

Ordubete barru abiatuko da Itzulia txirrindularitza proba Gasteiztik. Sei etapaz osatuko da, eta larunbatean bukatuko da Eibarren. Zumaiatik pasatuko da aurten ere, asteazkenean; aurtengoan, gainera, herrigunetik pasatuko da.

Txirrindularitza probako hirugarren etapa izango da Zumaiako pasatuko dena. Tropela eguerdiko 13:12etan aterako da Errenteriatik eta Donostiatik pasa ondoren N-634 errepidea hartuko du. Getariatik barrena, txirrindulariak Zumaiara 14:30ak aldera helduko dela aurreikusten du antolakuntzak. Oraingoan, saihesbidetik joan beharrean, herrigunetik pasatuko da: Patxita Etxezarretatik sartu eta Axular etorbidetik Txikierdira joango da. Behin Arroara helduta, Aizarnazabalerantz jarraituko dute txirrindulariek.

Kirol proba honek eragina izango du herriko trafikoan. Hala, errepideak 14:00etarako itxiko dituzte ibilgailuentzako.