Darahliren espedizioa osorik iritsi da Zugera

Jabi Gonzalez Toston 2023ko api. 2a, 17:00

Hainbat ikaslek arazoak izan zituzten bidaiatzeko baimenekin Barajaseko aduanan, baina guztiek bidaiatu ahal izan zuten, azkenean.

Zirraragarria bezain luzea izan da Zugera arteko bidaia. Darahli elkartearen taldea atzo Zumaiatik abiatu zenetik gaur goizeko lehen orduan iritsi den arte ia 24 igaro dira; izan ere, 07:15ean (Euskal Herriko 08:15) heldu da taldea Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara: Hori bai, oso-osorik egin du.

Aireportuan izan zituzten gora-behera handienak; izan ere, hainbat ikaslek trabak izan zituzten aurreko urteetan beharrezkoa ez zen baimen bat falta zitzaielako. Haien begiraleak telefonoz jarri ziren harremanetan gurasoekin eta hauek primeran erantzun zuten. Azkar mugitu ziren arazoa konpontzeko eta garaiz hartu ahal izan zuten hegazkina ikasle guztiek. Hala ere, beranduago aireratu zen bigarren hegazkinean egin behar izan zuten bidaia batzuek. Tindufeko aireportuan elkartu da talde osoa goizaldean atzera berriro eta autobusez jarraitu dute errefuxiatuen kanpalekuetara arte.

Helmugara iritsi ondoren, atseden apur bat hartu dute bidaiariek, eta, 12:00etan, Zugeko agintariek harrera egin diete. Arratsaldean, berriz, dantza emanaldia eskainiko dute Zumaiako hainbat ikaslek, eta eramandako materialak zein senidetze programako gutunak banatuko dituzte.