Udal eta foru hauteskundeak 2023

Duñike Agirrezabalaga izango da PSE-EEren Zumaiako alkategaia

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 27a, 19:18
Duñike Agirrezabalaga, PSE-EEren Zumaiako alkategaia. (PSE-EE)

Duñike Agirrezabalaga zumaiarra da PSE-EE alderdiaren hautagaia maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako. Erronka hau "ilusio handiz" hartzen duela adierazi du alkategaiak ohar batean. 

Gipuzkoako PSE-EEk iragarri du maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Zumaiako alkategia nor izango den. Duñike Agirrezabalaga zumaiarra izango da sozialisten zerrendaburua hauteskunde horietan. 1966an jaioa, Euskal Herriko Unibertsitatetik Zuzenbidean lizentziatua da. "Abokatua eta prokuradorea, euskalduna eta udal bizitza ondo ezagutzen duena" bezala definitu du alderdi sozialistak bere hautagaia. 

Agirrezabalagak herritarren arazoak eta beharrak "bertatik bertara" ezagutzen dituela adierazi du PSE-EEk komunikatu batean, eta etorkizunari itxaropenez begiratzeko Zumaiako "norabide aldaketa bat" behar duela ere azaldu du. Zumaiako "gehiengo aurrerakoiaren konfiantza" lortu nahi duela ere azaldu du, EAJren eta EHBilduren "alderdi biko dinamika gainditzeko helburuarekin". “Udal hauteskundeetara aurkezten gara, uste dugulako ideien pluraltasunak eta aniztasunak egungo bipartidismo antzuak baino hobeago asmatuko duela erabakiak hartzeko garaian”, adierazi du Agirrezabalagak ohar honetan.

Alkategaiak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako PSE-EEri, “erronkatzat onartzen dudan ibilbide honetan nigan konfiantza izateagatik”, baina baita “ilusio handiz” ere. Eskerrak ere ematen dizkio azken agintaldietan PSE-EEren udal bozeramaile izango den Arritxu Marañoni ere egindako “lan bikainagatik”. Marañon aurkeztuko da hauteskundeetara, zerrendako bigarren postuan.