Go!azen 9.0 ikuskizunaz gozatu dute txikienek asteburuan

Intza Trula 2023ko mar. 27a, 10:32

Kontzertu-birarekin jarraituz Zumaian eman dute emanaldia Go!azen 9.0 denboraldiko aktoreek.

Go!azen 9.0 ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute Zumaian asteburu honetan. Zumaiena ikastetxean izan ziren kontzertuak, bata arratsaldeko 17:00etan eta bestea 19:00etan, eta Koldo (Julen Castillo), Iraia (Malen Azpirotz), Gontzal (Kimetz Etxabe), Saioa (Mikele Arizkorreta) eta Garazi (Nerea Elizalde) aktoreak egon ziren bertan. Lehenengo saiorako sarrera guztiak agortu ziren, eta bigarrenean eserleku oso gutxi geratu ziren libre. Abestu, dantzatu eta barre egin zuten bertaratu zirenek eta etxeko txikienek euren aktore gustokoenak ezagutu zituzten.

Ordu bete inguru iraun zuen saio bakoitzak, eta horiek amaitu ondoren, aktoreekin argazkiak ateratzeko aukera izan zuten Zumaienan prestatu zuten photocall-ean.