Jubenilen finaleko fasea bero-bero dago

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 25a, 19:30

Gran Camping Zarautzek 21-31 irabazi dio Creados Pulpori gaur arratsaldean, Euskadiko Txapelketako bigarren partidan. Bihar bukatuko da lauko finala, baina zarauztarrek abantaila hartu dute bi partida irabazita.

Jubenil mailako gizonezkoen Euskadiko Txapelketako lauko finala bero-bero dago, eta Zarauzko Aritzabatalde kantxan presio eltzea da. Gran Camping Zarautzek abantaila hartu du sailkapenean bi partida irabazita: atzo Bidasoa 23-34ko emaitzarekin mendean hartu bazuen, gaur arratsaldean garaipen berri bat lortu du Creados Pulporen aurka.

Zarauztarren eta zumaiarren arteko lehen zatia oso estua eta parekatua izan da. Zenbait unetan etxekoan bi golen atzetik ere joan dira, baina atsedenaldira gol bateko errentarekin iritsi dira (14-15). Kantxa erabat beteta zegoen, eta zaletuak erabat entregatuta, animatzen uneoro. Bigarren zatiaren hasieran, Zarautzek bizi erasotu du, eta aurretik jarri da markagailuan; pixkanaka-pixkanaka aldea handitzen joan da eta eroso irabazi du norgehiagoka, atean asmatzen lortu ez duen Zumaiaren aurrean. Azkenean, 21-31 irabazi du Gran Camping Zarautzek.

Creados Pulpok 26-25koarekin irabazi zuen atzo Ereintzaren aurka, eta bihar Bidasoaren kontra neurtuko ditu indarrak, 11:30ean; Ereintzaren eta Bidasoaren arteko gaur goizeko partida 19-29 bukatu da irundarren alde. Zarautzek nahiko ongi bideratuta du txapelketa, eta ustez multzoko ahulenaren aurka jokatuko du, Ereintzaren auka, 13:00etan. Lehen hiru sailkatuak Espainiko Txapelketarako txartela lortuko dute.