Euskadiko txapelketa jokatuko dute Pulpoko jubenil mutilek asteburuan, Zarautzen

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 21a, 16:56
Creados Pulpo taldeko kideak Euskadiko Txapelketako azken fasera sailkatzea ziurtatu zutenean. (Pulpo Eskubaloia)

Zarautzen jokatuko da eskubaloiko Euskadiko txapelketako azken fasea. Txapela izango da jokoan, baita Espainiako txapelketako fasera sailkatzea ere. Lehian arituko diren lau taldeen artean da Creados Pulpo. 

Denboraldiko hitzordu garrantzitsuena du aurrez aurre Pulpo Eskubaloia klubeko Creados Pulpo jubenil mutilen taldeak. Datorren ostiralean hasi eta igandera bitartean kategoria horretako Euskadiko txapelketa jokatuko da Zarautzen, Aritzbatalde kiroldegian. Lau klub heldu dira fase honetara, laurak ere gipuzkoarrak: etxeko taldea, Gran Camping Zarautz, Bidasoa Irun, Errenteriako Ereintza Aguaplast eta Zumaiako Creados Pulpo. Lau klub hauen artean izango da jokoan Euskadiko txapela, baina Espainiako txapelketako fasea jokatzeko aukera ematen duten hiru txartelak ere.

Zumaiako eskubaloi taldeko jokalariak gogotsu heldu dira fase honetara, eta dena emateko prest daude. "Gogoarekin daude, eta azken aldi honetan oso ondo ari dira entrenatzen, badakite eta zer dagoen jokoan", azaldu du Creados Pulpo klubeko entrenatzaile Eneko Tenak. Talde ia osoa izango du bere eskutara helburua lortzeko. "Mina hartuta zeuden jokalariak ari dira errekuperatzen".

Denboraldi hasieran jarritako helburua zuen fase honetara sailkatzea, eta zentzu horretan lanak bete ditu taldeak. Hala ere, denboraldi gorabeheratsua izan dela adierazi du entrenatzaileak, behetik gora egindakoa. "Denboraldia ez genuen ondo hasi eta partida garrantzitsuak galdu genituen hasiera hartan. Gero, Bidasoari irabazi genion, eta hor goraka hasi ginen. Zarautzen aurka ere partida ona egin genuen, eta hortik aurrera maila konstante bat izan dugula esan daiteke", gaineratu du Tenak. 

Bigarren fasean Usurbil, Bidasoa eta Bera Bera izan zituzten aurkari. "Talde horiek gu baino pauso bat gorago zeudela pentsatzen genuen eta sailkapena Usurbilekin jokatu beharko genuela uste genuen. Bada, lehen partida Usurbilen aurka izan zen 11 golengatik irabazi genion". Fase horretako itzulerako partidetan beherakada txiki bat izan zutela dio entrenatzaileak, "baina etxeko lanak ondo egin genituen eta Euskadiko txapelketara sailkatu ginen".

Hiru talde indartsu izango dituzte Zarauzko hitzorduan. "Bidasoak eta Zarautzek maila hobeagoa dutela esango nuke, eta Zarautzek etxean jokatzen duenez, bera dela faboritoa. Ereintza eta gure artean jokatuko da beste txartela. Gainera, azken fase honetako lehen partidan neurtuko gara eta garrantzia handia izango du partida hori irabazteak". 

Denboraldi hasierako lehen helburua beteta, Espainiako fasera sailkatzea du orain helburu Creados Pulpo taldeak. "Hori da helburua. Taldea mentalizatuta dago. Txapelketa irabaztea bera oso zaila da, baina ez diogu muzin egingo".

Egutegia

Ostirala, 24

18:00etan, Creados Pulpo vs Ereintza Aguaplast

19:30ean, BM Bidasoa Irun vs Gran Camping Zarautz

Larunbata, 25

16:00etan, Ereintza Aguaplast vs BM Bidasoa Irun

17:30ean, Creados Pulpo vs Gran Camping Zarautz

Igandea 26

11:30ean, BM Bidasoa Irun vs Creados Pulpo

13:00etan, Gran Camping Zarautz vs Ereintza Aguaplast