Kimetz Etxabe: "'Go!azen'-en egotea arantza baten modura sartuta nuen"

Intza Trula 2023ko mar. 22a, 10:00

Telesail arrakastatsuan oinarritutako Go!azen 9.0 kontzertua ikuskizuna izango da igandean Zumaiena aretoan. Kimetz Etxabe (Zumaia, 2000) Gontzal da telesailean zein ikuskizunean. 

Txiki-txikitatik izan du interpretaziorako grina eta nahia Kimetz Etxabek (Zumaia, 2000). Nerabezaroan Ikus-entzunezko Komunikazio egitea zen bere lehenengo aukera, baina azkenean bere ametsei jarraiki, interpretazio mundutik jotzea erabaki zuen. Antzerkia, dantza, kantua… arte eszenikoekin lotutako mota guztietako ikasketak egin ditu gazteak, eta azkenean iritsi zaio egindako lanaren saria; Go!azen 9.0 telesailean parte hartzeko aukera. Gontzalen papera egiten du bertan, pertsonaia alaia, lasaia eta inguruan duen ororekin ondo konpontzen dena.

Hilabete batzuk pasatu dira Go!azen 9.0 telesaila estreinatu zenetik. Nolakoa izan da publikoaren harrera?

Egia esan oso harrera ona izan du. Jakin banekien aurreko denboraldiek gaztetxoenen artean orokorrean oso harrera ona izan dutela baina aurtengo denboraldian aldaketa ugari izan dira eta alde horretatik beldur pixka bat ere banuen; ez nengoen ziur publikoak nola erantzungo zien aldaketa horiei. Oso harrera ona izan du eta jendea oso eskertuta azaldu da egindako lanagatik. Eta beraz, gu ere oso pozik.

Nola hasi zinen interpretazio munduan? Zein ikasketa burutu dituzu?

Txiki-txikitatik gustatu izan zait jende aurrean jarri eta dantzatzea eta kantatzea. Hau da, arte eszenikoak orokorrean ikaragarri gustatzen zaizkit. Baina hala ere ez dut hau ogibide moduan ikusi beti. Gazteagoa nintzenean ez nekien gustoko nuen hori egiteko ikasketak zeudela, gehiago lotzen nuen hobbyarekin, eta ez bizitzeko modu bat bezala. 

Hala ere, Zumaiako antzerki taldean hasi nintzen pixka bat interpretazio munduan sartzen; bi urte egin nituen bertan. Horrekin batera Batxilergoko ikasketak egiten nituen, besterik gabe, eta garai horretan nire asmoa Ikus-entzunezko Komunikazio gradua egitea zen. Baina Zumaiako antzerki taldeko lagun batek komentatu zidan Madrilen arte dramatikoko ikasketak egiten ari zela. Ez nuen ikasketa horien berri izan ordura arte, eta esan beharra daukat segituan piztu zitzaidala haiekiko interesa. Ez nuen bi aldiz pentsatu, eta hurrengo urtean Madrilera joan nintzen arte dramatikoko ikasketak burutzera. Azkenean ez nituen hango ikasketak amaitu, eta Donostian eman ditut azken hiru urteak, TAEn (Donostiako Arte Eszenikoen Tailerra). Horrekin batera arlo ezberdinetako kurtsoak egin ditut: antzerkia, kamera aurreko interpretazioa, dantza kontenporaneoa, hip-hopa, kantua eta abar. 

Nolakoa izan zen Go!azen telesailean parte hartzeko prozesua?

Aurtengoa ez da izan Go!azeneko castingera aurkezten naizen lehenengo aldia, hirugarrena baizik. Bertan parte hartzeko kontua arantza baten modura sartuta neukala esan daiteke. Nire asmoa hurrengo urtean berriz ere Madrilera itzultzea da, horregatik nire buruari esaten nion: "ez naiz Euskal Herritik joango Go!azen telesailean parte hartu arte", eta horrela izan da. Lehenengo bi aldietan ez nuen zorterik izan, baina hirugarrengoan hautatua izan naiz.

Castingeko prozesua oso luzea izan zen. Lau edo bost fase izan zituen; lehenengo bi zatiak  etxetik egiten ziren. Bigarren fasea pasatuta, hirugarrena presentzialki zen, eta bertan kantatzea eta dantzatzea, eta bi separata antzeztea eskatzen ziguten. Horren ondoren castingeko gainontzeko partaideekin pertsonaia ezberdinak probatu genituen, hainbat sekuentzia egin genituen bakoitzak, ondoen zetorkigun papera zein zen ikusteko. Fase guzti hauen ondoren, telesailean parte hartzeko hautatu nindutela esan zidaten. 

Eta grabaketaren prozesua?

Bideokliparen grabaketa ekainean egin genuen, eta telesaila beraren grabaketa berriz, uztaila eta abuztuan. Denboraldi honetan aurreko denboraldiko aktore batzuk zeuden, eta ezagutzen nituen. Beraz, grabaketak hasi zirenean esan daiteke ez nengoela bakarrik, nolabait babestuta sentitzen nintzela. Hala ere esan beharra daukat Go!azen telesaila osatzen duten kide guztiak pertsona ikaragarriak direla, eta berriak ginen guztioi egindako harrera ezinhobea izan zela. Familiaren parte sentiarazi ninduten lehenengo momentutik eta laneko uneak askoz ere eramangarriagoak egin zizkidaten. Hasieran uste nuen lehenengo grabaketa egunean askoz ere urduriago egongo nintzela, baina hara iritsi eta horrelako jendearekin topo egin nuenean, horrelako aktore puskak ikusi nituenean, erabat lasaitu nintzen. Egunetik egunera askoz ere lasaiago nengoen eta lotsa erabat joan zitzaidan. Grabaketa prozesua nahiko erraza egin zitzaidan. 

(Asier Corera)

Antzerako zerbait egin al zenuen lehenago?

Go!azenen antzerako zerbait ez nuen inoiz egin. Orain arte egindakoak film laburrak eta antzezlanak izan ziren, baina telebistari bideratutako ezer ere ez. Telebista munduan nire estreinaldia hemen izan da. 

Telesailean Gontzalen papera egiten duzu, pertsona alaia da bera, mundu guztiarekin ondo konpontzen dena eta giro txarra gorroto duena. Erraza egin al zaizu pertsonaia horren azalean jartzea? 

Egia esan bai, lehenengo unetik oso eroso sentitu nintzen nire pertsonaiarekin. Gontzal ni baino lotsagabeagoa da, ez dio axola zer dioen jendeak berataz. Pertsonaiaren izaerak eta nireak antzekotasun handia dute, nolabait definitzeko, nire izaeraren ezaugarriak muturrera eramanda sortzen da Gontzal. Beraz, zaila ez da izan, baina hala ere batzuetan jarrera batzuk asko esajeratzea eskatzen zidaten, eta momentu horiek zertxobait zailagoak egin zaizkit.

Orain telesaila estreinatu dela, zure bizitzak aldaketarik izan al du?

Aldaketa ezetz esango nuke, nire bizitzak uda aurreko berdina izaten jarraitzen du. Baina bai nabaritzen dut kaletik noanean gehienbat txikienek ezagutzen nautela, nahiz eta askotan hurbiltzen ausartzen ez diren. Taldean doazenean gutxiago kostatzen zaie nigana etorri eta autografo edo argazki bat eskatzea, baina bakarrik doazenean oso gutxitan hurbiltzen zaizkit. Baina horretaz aparte nire egunerokoak berdina izaten jarraitzen du. Ekitaldietan agian gehiago nabaritzen dut, adibidez Durangoko Azokara joan ginenean, edo Gaztea Sariaken izan ginenean. Hor bat-batean ezaguna zara bertako guztientzat, denek eskatzen dizkizute argazkiak eta Madonna sentitzen zara. 

Nola ikusten duzu euskarazko fikzioa?

Nire gusturako iruditzen zait eskaintza oso urria dela, bai gazteentzako eta baita helduentzako ere. Iruditzen zait telebistak indarra duela, eta bertan beharrezkoak diren programa asko dauden arren, fikzioaren falta ere hor dagoela. Oraintxe bertan Go!a!zen eta Irabazi Arte telesailak daude, oso produktu garrantzitsuak iruditzen zaizkit, baina hauek ez dira publiko guztiarentzat eginak. Horregatik adin tarte zabalago bat erakartzeko ekoizpenak beharrezkoak direla uste dut.  

Euskal aktoreok badaukazue zeuen karrera hemen garatzeko aukerarik?

Nik uste dut ez dela erraza. Bakoitzak bere ibilbidea nondik egin nahi duen ere kontuan izan behar da. Zinema munduan sartzea hemen ez da oso erraza, lan asko egin behar da eta horren ondoren agian ate berriak irekitzen zaizkizu, baina ez beti. Esan beharra dago gainera, aktore asko garela dagoen lan eskaintzarako, baina bide ezberdin askoren artean aukera daiteke karrera amaitu ondoren. Egia da, zoritxarrez ogibide hau askotan beste lan batekin batera egin behar dela. 

Nor da interpretazio munduan zure erreferentea?

Meryl Streep.

Ametsetako lana?

Azken aldian inbidia ematen ari zaizkit produkzio independenteak. Pelikula mainstream hauek jorratzen ez dituzten gaiak lantzen dituztenak, estetika hain komertziala ez daukatenak. Gustatuko litzaidake pelikula ezberdin eta alternatibo batean parte hartzea. Hala ere, ez dakit nire lan top hori zein izango litzatekeen, baina nire ametsa intepretazio mundutik bizitzea da, horretan lanik ez faltatzea. 

Etorkizun hurbilerako proiekturik ba al duzu eskuartean?

Nire bizi planak baditut, bai. Orain amaituko dut Donostiako TAE eskolan egiten ari naizen formakuntza eta horren ondoren Madrilera joatea da nire asmoa. Esan bezala Madrilen eskaintza gehiago dago, casting pila bat egiteko aukera dago bertan eta hor saiatu nahi dut. Euskal Herriari dagokionez ezin dut ezer asko aurreratu. Go!azen 10.0 denboraldiaren castinga atera da, ezin dut esan oraindik ni bertan egongo naizen ala ez, hori zeuok ikusi beharko duzue. Oraingoz Go!azen 9.0 denboraldiko kontzertuak amaitu behar ditugu. Horrez gain, lagun batzuk antzerki kolektibo bat sortu dugu eta horrekin ere pixkanaka produkzioak egiten hasteko asmoa daukagu; Euskal Herri inguruan pixka bat mugitzen hasteko. Hortik aurrera, batek daki.