Unai Etxeberria: "Aurtengo helburua da aurreko urteetako emaitzak berdintzea"

Mireia Galarza Bastida 2023ko mar. 16a, 14:44
Unai Etxeberria Zumaiako arraun elkartean. (Mireia Galarza Bastida)

Oriotarra izatez, Zumaiako bizilaguna da egun Unai Etxeberria (Orio, 1988). Arraunlari gisa elastiko horia urte luzez jantzi eta gero, aurten beste modu batera biziko du arrauna.

Bizitza guztia Orion ibili ostean, Telmo Deunera iritsi zara gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile bezala. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Gaur egun Zumaian bizi naiz, eta gertutasunari erreparatzen badiogu, erosoena da klub horretan aritzea. Arrauna asko gustatzen zait, baina badakit bestela ezingo nukeela horrelako proposamen bat onartu. Familia eta lana ere baditut, eta denera ezin da iritsi.

Lehen talde bateko entrenatzaile ariko zaren aurreneko aldia da. Erronka handia al da hori zuretzat?

Bere garaian entrenatzaile titulua atera nuen, eta urtebetez ibili nintzen Orioko jubenilen taldea gidatzen, 2013-2014 inguruan. Aurtengoa izango da lehen talde bateko entrenatzailea izango naizen aurreneko urtea, eta zalantzarik gabe, erronka handia da hori, batez ere, neure buruarekiko. Izan ere, beti beste aldetik bizi izan dut arrauna. Ahal dudan guztia egiten badut, ez da gutxi izango.

Nola iritsi zitzaizun entrenatzaile izateko aukera?

Aurreko urtean entrenatzaile lanetan ibili zen Odei Arrizabalaga beste herri batera joan da bizitzera, eta berak ezezkoa eman zuenean deitu zidaten niri. Egia esan behar badut, ez nuen inondik inora espero Telmo Deuneko zuzendaritzatik jasotako deia, eta pentsatzeko denbora behar nuela esan nien; hiru aste inguru. Ez zait boteprontoan hartzeko moduko erabakia iruditzen, eta lanean eta etxean hitz egin ostean, baietz esan nuen. Pentsatu nuen orduantxe zela garaia, eta probatzea erabaki nuen.

Arrizabalaga aipatu duzu. Zerbait esan al dizu berak?

Aspalditik ezagutzen dut, Orion nenbilenean, bera ere ibili zelako gurekin hiru urtez. Egia esan, ez dit gomendio berezirik eman, ahal dudana egiteko bakarrik esan dit. Azken finean, urtetik urtera asko aldatzen dira gauzak.

Portugaleteko, Hondarribiko eta Oriako jaitsierak jokatu dituzue jada. Nola ikusi duzu taldea?

Taldea ondo ikusi dut, eta gustura gaude egindako lanarekin. Egia da estropada batzuetan gusturago ibili garela beste batzuetan baino, baina ilusio puntuarekin gaude. Aurreko denboralditik bospasei pertsonak utzi dute taldea, eta hasieran arraunlariak bilatu ezinda ibili nintzen. Zumaian aurrez ibilitako jendea topatzen saiatu nintzen, baina gauzak ez ziren nahi bezala atera. Horrenbestez, kanpora begira jarri nintzen, eta Alacanteko (Herrialde Katalanak) bat etorriko da, baita sei urtez arrauna utzita egon den beste oriotar bat ere. Jubeniletako beste pare bat ere gehitu dira taldera.

Eta traineru denboraldiari begiratuta, zeintzuk dira jarriko dituzun helburuak?

Hemeroteka begiratuta, Zumaiak zortzigarren postuaren bueltan bukatu du azken urteetan, eta hori berdintzea izango da helburua. Halere, behin eskatzen hasita, postu hori hobetzea izango litzateke lorpen onena.