Harrera beroa izan du Hamarru elektrotxarangak bere estreinaldian

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 11a, 10:15

Zumaiako Ernaik antolatuta, musika talde sortu berriak jende asko erakarri zuen eta giro bikaina sortu zuten herrian. Ondoren, bertso afaria egin zuten Torreberri gaztetxean. Joanes Illarregi eta Ekhiñe Zapiain aritu ziren kantuan 50 lagun baino gehiagoren aurrean.

Handia zen ikusmina Hamarru elektrotxaranga zuzenean ikusteko, eta musika talde sortu berriak asebeteta utzi zituen jarraitzaile guztiak atzo iluntzean. Zumaiako Ernaik antolatu zuen emanaldia gazte erakundearen 10. urtebetetzea ospatu eta apirilaren 6tik 9ra Elorrion egingo duten Gazte topagunea aurkezteko egitarauaren barruan.

Hala, jende andana bertaratu zen 19:30erako erribera kalera, eta bertatik abiatuta kalez kale ibili ziren herria musikaz girotzen. Bidean, noski, hainbat geldialdi egin zituzten eztarriak bustitzeko eta ikusleak dantzan jartzeko. Hiru orduko saioa eskaini zuen Hamarruk guztira, musika gosez baitziren herritarrak.

Horrek ondoriorik ere izan zuen, Zumaiako Ernaik prestatutako hurrengo jarduran, ordu eta erdiko atzerapenarekin hasi baitzen. 21:00etan beharrean 22:30ean eseri ziren afaltzera Torreberri gaztetxeko bertso afarirako sarrera erosi zuten ia 70 lagunek. Joanes Illarregi eta Ekhiñe Zapiain bertsolari nafarrak aritu ziren kantuan, eta gaua borobiltzeko saio ederra eskaini zuten haiek ere. Jolasetarako, txantxetarako eta urtebetetzeak zoriontzeko tartea izan zen.