Ozen entzun da Martxoak 8ko aldarria herriko kaleetan

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 8a, 20:48

Jendetsua izan da Emakumeen Eguneko manifestazioa Zumaian. Herritar ugari bertaratu da Gurrutxaga plazatik abiatu den martxara, eta ozen entzun dira egun honi lotutako aldarriak herriko kaleetan. 

Martxoak 8 da gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta ohi bezala Zumaiako Mugimendu Feministak manifestazioa deitu du arratsalderako. 19:00etan zegoen jarrita hitzordua Eusebio Gurrutxaga plazan, eta herritar ugari bertaratu da martxan parte hartzeko asmoz. 

Denon bizitzak erdigunean da aurtengo Emakumeen Eguneko leloa, eta mezu hori zeraman pankarta baten atzean bildu dira hainbat herritar. Gurrutxagatik abiatuta, poligonoak, Erribera kalea eta Amaiako plaza zeharkatu ondoren, Ardantzabideko rokodromo parean amaitu dute manifestazioa. Zaintza lanetan aritzen diren emakumeen aldarriak ere entzun dira manifestazioan zehar; emakume pentsiodunek ere parte hartu dute pankarta propioarekin. 

Irradaka dantza eginez eta txalo zaparrada handi batekin amaitu dute Martxoak 8ko ekintza.