Zaintzaileentzat euskara ikastaroa eskainiko du Zumaiako Udalak

Intza Trula 2023ko mar. 7a, 14:07
Adineko zaintzaileen euskara ikastaroa (Zumaiako Udala).

Eulen enpresarekin eta Malen Etxearekin elkarlanean antolatu dute ikastaroa eta zabalik da jada izena emateko epea.

Aurten ere adinekoak zaintzen dituzten langileei euskara ikastaroa burutzeko aukera zabaldu die Zumaiako Udalak. Zaindutako pertsonekin harremana errazteko oinarrizko ulermena lantzea eta esaldi erabilienak ezagutzea da ikastaroaren helburua.

Euskara Zerbitzuak eta Gizarte Zerbitzuek elkarrekin antolatu dute ikastaroa eta martxoaren 18an hasi eta maiatzaren amaierara arte iraungo du. 20 ordukoa izango da, larunbat goizetan Hogarreko 2. solairuan. Irakaslea Banaiz Bagara elkarteko Pako Aristi izango da. Ikastaroa doakoa izango da eta Zumaiako langileak lehenetsiko dira. Izena emateko Euskara Zerbitzura deitu (943-86 50 25) edota euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera idatzi behar da.