Inaugurazio ekitaldi sentituarekin ireki dute 'Itzalpeko emakumeak' erakusketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 4a, 17:12

Antolatzaileen aurkezpenaz gain, dantzarako, bertsoetara, bisita gidatua egiteko eta kanturako tartea ere izan da Oxford aretoan eguerdian. Hilaren 26ra arte egongo da ikusgai frankismoaren errepresioa jasan zuten emakumeei aitortza egiteko mostra.

Frankismoaren errepresioa jasan zuten emakumeei aitortza egin asmoz osatu duten Itzalpeko emakumeak erakusketa ibiltaria iritsi da Zumaiara. Gaurtik hilaren 26ra arte izango da ikusgai Oxford aretoan eta inaugurazio berezi batekin eman nahi izan diote ongietorria.

Gauzak horrela, dantza emanaldiarekin abiatu dute ekitaldia eta dantzarietako batek erakusketan omendutako emakumeei eskaini dien bertsoa abestu du ondoren. Jarraian, erakusketaren antolatzaileek hartu dute hitza: Iñaki Ostolaza alkatea izan da lehenengoa eta Erkibe kultur elkarteko kideei eskerrak emanaz abiatu du mintzaldia; izan ere, haiek eman zioten hasiera ekimenari duela bi urte. Halaber, azpimarratu du "XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakumeak itzalpetik argitara ekartzeko" erakusketa dela honakoa.

Zentzu horretan, Ostolazak azaldu du bederatzi emakume daudela erakusketaren erdigunean: "Kultur arloan, politikagintzan edo euskaren alde egin zuten lanagatik ezagunak diren Elbira Zipitria, Balendiñe Albizu, Julene Azpeitia, Mairin Mitchell, Maria Dolores Arana, Trueba ahizpak (Margarita, Miren eta Maitane) eta Inaxi Etxabe. Horrez gain, eguneroko borroka txiki eta handiak aurrera eraman zituzten emakumeak ere gogoan eduki nahi izan ditugu". Azken horren harira, alkateak gogoratu du Zumaiako emakume aitzindariei eskainitako atal bat ere badagoela ikusgai erakusketan. Zabaldu nahiko luketen atala da, gainera, "ziur gaude badirela emakume gehiago ere eta makina bat kasu ditugula gure inguruan etxe askotan izan zirelako emakume eredugarriak". Bada, horiek guztiak jaso asmoz, koaderno zuria jarri dute Oxford aretoan herritarren ekarpenak jasotzeko.

Belen Ibarrola erakusketako komisarioak, ildo beretik, azpimarratu du "badela garaia" emakume guzti hauek itzalpetik ateratzeko: "Esaten da emakume hauek bi gerra galdu zituztela, politikoa eta generoarena. Erakusketan bigarren errepublikan hainbat arlotan aitzindariak izan ziren emakumeak ere jaso ditugu, bost urteko epean gerraren eta atzetik etorri zen frankismoaren ondorioz, etxeratu egin behar izan zutenak. Emakume horien memoria berreskuratzea da erakusketa honen helburua". Horri gaineratu dio emakume horiek bidegileak izan zirela eta "bide hori aurrera eramaten" jarraitu nahi dutela haiek orain.

Ibarrolarekin batera, Joseba Esnal Erkibe kultur elkarteko kide zumaiarra aritu da erakusketa honi forma ematen eta Itzalpeko emakumeak izena nondik datorren azaldu du berak: "Bigarren errepublika aldarrikatu zenean orduko Zumaiako Udalak koadro bat enkargatu zuen udaletxean jartzeko. Bertan emakume bat ageri da, Bizkaiko Batzar Nagusietan, Gernikako arbolaren bueltan, aulki batean eserita eta azpian Zumaiako armarria duela. Frankistek udaletxea hartu zutenean, koadroa desagertu egin zen eta diktadorearen irudia jarri zuten hura zegon tokian. Demokrazia itzulitakoan, Francoren koadroa erretiratu zuten eta haren atzean agertu zen galdutako koadroa. Esan daiteke, beraz, margolaneko emakumea 40 urtez itzalpean egon zela. Horri nolabaiteko keinua egin nahian hautatu dugu Itzalpeko emakumeak leloa erakusketa izendatzean".

Bisita gidatua

Hizketaldiak amaituta, bisita gidatuaz gozatzeko aukera izan dute bertaratuek eta koadroko emakumearen zuzendaritzapean egin dute, hain justu. Izan ere, haren arropak soinean zituela eman ditu azalpenak bisitako zuzendariak.

Hainbat bisita egin dituzte eta bi izan dira azpimarragarrienak: batetik, muralekoa, erakusketa abiatzearekin batera Karmen de la Hoz margolariak hasi zuen margolana eta herriz herri osatzen ari dena, eta, bestetik, Zumaiako emakumeei eskainitako txokoa. Bertan, irudietako batean umea zela agertzen den emakumeak hartu du hitza eta garai hura nola gogoratzen duen azaldu die bertaratuei.

Bisita gidatuari lotuta, antolatzaileek gogoratu dute beste bi hitzordu eskainiko dituztela erakusketak iraun bitartean: martxoaren 11n, larunbata, 12:00etan lehena, eta martxoaren 15ean, asteazkena, 18:30ean bigarrena. Interesdunek aurrez eman beharko dute izena, hori bai. Astelehenetik aurrera egin dezakete kulturetxea@zumaia.eus helbidera mezua bidalita.