Winter Serieseko finaletik kanpo geratu da Frida Watkins partida on bat egin eta gero

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 28a, 07:53

Frida Watkins atzo Durangon, IƱaki Osa Goikoetxearekin.

Emakumeen Winter Series txapelketako lehen finalerdia jokatu zen atzo arratsaldez Durangoko Ezkurdi frontoian. Ihart Arakistainek eta Frida Watkinsek ezin izan zuten Maite Ortiz de Mendibilek eta Maialen Aldazabalek osatutako bikotearekin. 

500 bat lagun inguratu ziren atzo arratsaldez Durangoko Ezkurdi frontoian jokatutako zesta-puntako emakumeen Winter Series txapelketako lehen jardunaldia ikustera. Lau pilotari gazte kantxaratu ziren finalerako txartel baten bila: Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabal batetik, eta Ihart Arakistain eta Frida Watkins zumaiarra bestetik. 

Azken bikote honek hobeto ekin zion partidari eta markagailuan aurretik jarri zen (0-4, 3-7, 5-9), baina Ortiz de Mendibil arabarra konfiantza hartzen hasi zen, baita tantoak egiten ere. 11na berdindu eta gero, aurretik jarri ziren markagailuan. 15-12 emaitzarekin irabazi zuten lehen seta Ortiz de Mendibilek eta Aldazabalek.

Bigarren seta lehena bezain berdindua izan zen. Gazteena izanda ere, Frida Watkinsek gaitasunak erakutsi zituen atzeko koadroetan. Seina eta zazpina tantoetako berdinketen ondoren, Ortiz de Mendibil eta Aldazabal aurretik jarri ziren markagailuan (10-7), baina aldea murrizteko gai izan ziren Arakistain eta Watkins, baita berdintzeko ere (11-11, 12-12, 13-13). Azken tantoak, baina gorrientzako izan ziren eta 15-13 emaitzarekin irabazi zuten bigarren seta, eta, ondorioz, finalerako txartela.

Jaialdia osatzen zuen buruz buruko Final Fourreko partidan, berriz, Barandikak bi setetan irabazi zion Johan Sorozabali (11-15, 11-15).