Urrutikoetxea-Albisu eta Peña II.a-Mariezkurrena II.a bikoteak neurtuko dira datorren ostiralean Aitzurin

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 27a, 15:00
Zumaian neurtuko diren lau pilotariak, ligaxkako partidaren atarian, iazko azaroan. (EITB)

Binakako txapelketako partida jokatuko da datorren ostiralean, hilaren 3an, Aitzuri frontoian. Ligaxka bosgarren eta seigarren postuetan bukatu duten bi bikoteak neurtuko dira Zumaiako pilotalekuan. 

Bukatu da binakako txapelketako lehen fasea eta ari dira finkatzen zer lau bikotek jokatuko dituzten txapelketako finalerdiak. Ligaxkako lehen bi sailkatuak, Elordi-Zabaleta eta Altuna III.a-Tolosa, dagoeneko finalerdietan daude. 

Sailkapenean hirugarrenetik seigarrenera pasatu diren beste lau bikoteek izango dute oraindik ere finalerdietara heltzeko aukera. Hirugarren eta laugarren sailkatu diren bikoteak, P. Etxeberria-Rezusta eta Laso-Imaz, elkarren aurka arituko dira ostiral honetan Zornotzan, eta partidako irabazlea finalaurrekoetara sailkatuko da. Galtzaileak, berriz, beste aukera bat izango du, bosgarren eta seigarren postuetan sailkatutakoen irabazlearen aurka neurtuko delako. Partida horretako irabazlea izango da finalerdietara helduko den laugarren bikotea. 

Justu, ligaxkako bosgarren eta seigarren postuetan amaitu duten bi bikoteak izango dira Zumaian, martxoaren 3an, ostiralez. Urrutikoetxea-Albisu eta Peña II.a-Mariezkurrena II.a bikoteak neurtuko Aitzurin 22:15ean hasiko den jaialdiko estelarrean. Aurretik, Dario-Erostarbe eta Salaberria-Arbizu bikoteen arteko partida jokatuko da Zumaiako frontoian. 

Jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai www.entradasfronton.com webgunean. Frontoiko zonaldearen arabera, sarrerak 25 eta 30 euroren artean daude. Egunean bertan ere salgai izango dira, frontoiko leihatilan.