Mathieu Dupek irabazi du Zumaiako XV. Txirrindularitza Saria

Mireia Galarza Bastida 2023ko ots. 26a, 10:23
Podiumeko irudia. (Arritxu Iribar)

Bigarren eta hirugarren postuan sailkatu ziren, hurrenez hurren, Laboral Kutxako Iker Barandiaran eta Finisher taldeko Hugo Aznar. Oso lasterketa azkarra izan zen atzokoa. 

Euskaldun txapelketaren lehen proba egin zuten atzo, larunbata, Zumaian. Guztira 112 kilometro osatu behar izan zituzten txirrindulariek, eta orotara, 171 txirrindularik parte hartu zuten Zumaiako XV. Txirrindularitza Sarian. Urt Velo 64 taldeko Mathieu Dupe izan zen lehenengoa helmugara iristen, eta bigarren eta hirugarren postuan sailkatu ziren, hurrenez hurren, Laboral Kutxako Iker Barandiaran eta Finisher taldeko Hugo Aznar. 

Oso lasterketa azkarra izan zen atzokoa, eta ia hasieratik bi txirrindulari nagusitu ziren: Samuel Fernandez asturiarra eta Iñaki Trojillo getxotarra. Biek minutu bat eta hamairu segunduko aldea lortu zuten. Jarraian, ordea, beste hamabost txirrindularik harrapatu zituzten, eta hamazazpiko ihesaldia osatu zuten. Tropelean, aldiz, Laboral Kutxa eta Telcom taldeak nagusitu ziren.

Meagako lehen igoeran desberdintasuna mantentzea lortu zuten hasierako txirrindulariek, baina azken kilometroetan Laboral Kutxakoak indartsu jarri eta ihesaldikoak harrapatzea lortu zituzten. Horrela, azken esprinta hamabost txirrindularik osatu zuten. Zumaiako Aitor Agirre txirrindularia 500 metro faltan harrapatu zuten.