Ur hornidura sarea berritzeko lanak hasi dituzte Juan Belmonte kalean

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 22a, 10:30
Arrangoleta plazaren inguruan ari dira egiten lanak egunotan. (Juan Luis Romatet)

Aldaketa honekin kalean izan diren ur ihesak geratu nahi ditu udalak. 400.000 euro inguruko aurrekontua izango dute lanek, eta maiatzaren amaierarako bukatuko dituzte.

Juan Belmonte kaleko zati batean ur hornidura hobetzeko lanak abiatu berri ditu Zumaiako Udalak. Paolbideko barrualdeko kale luzeko 300 metro inguruan egingo dituzte lanak, 29. zenbakitik Amaiako plazara arteko tartean. Lanek 400.000 euro inguruko aurrekontua izango dute, eta hiru fasetan egingo dituztela aurreratu du udalak.

Arrangoletako plazatxotik Amaiako plazara arteko Juan Belmonte kaleko hoditeria kaltetuta dagoelako eta haren baliobizitza agortu delako hartu du udalak hura berritzeko erabakia. "Polietilenozko hodia da gaur egun dagoena. Bizi iraupena hodiaren ezaugarrien araberakoa da, polietilenozko denak ez direlako berdinak, eta obra gauzatu zeneko ezaugarrien araberakoa da", azaldu du Eli Zubeldia Zumaiako Udaleko aparejadoreak.

"Edozein kasutan bizi iraupena agortu dela esaten da arazoak ematen dituenean behin eta berriz, batzuetan eremu batean eta bestetan beste batean, eta erreparazioak egitea garestiagoa denean hodi berria jartzea baino. Politilenozko hodien ezaugarria da horietan ur ihesak bilatzea oso zaila dela. Ez da sare orokorretako erabiltzen den hodi mota politilenozkoa, ez baita egokiena", gaineratu du.

Izan ere, hori da lan horien bidez konpondu nahi duten arazoetako bat, gaur egun kale horretan izaten diren ur ihesak ekiditea hain zuzen, eta horren ondorioz xahutzen den ur kopuru handia moztea.

Maiatzera arte

Lanak hiru fasetan banatuta egingo dituzte. Abian den lehenengo fasean Arrangoletako eta oinezkoen bidean kokatutako hodiak aldatuko dituzte. Lehen fase horretako lanak amaituta, Amaiako plazara arteko hoditeria aldatuko dute. Maiatzaren amaierara arte luzatuko diren berritze obra hauek baliatuko ditu udalak paolbideko kale horretan hartune berriak jartzeko.

Obren bigarren faseak, bien bitartean, Juan Belmonte kaletik igarotzen den trafikoaren joan-etorrian eragina izango duela ere aurreratu du udalak. "Printzipioz kale tarteak moztu beharko dira eremu batzuetan, Baltasar Etxabetik bideratuz trafikoa une batzuetan". Edonola ere, aldaketak aldez aurretik informatuko direla eta bizilagunei jakinaraziko zaiela jakinarazi dute.