'Gazteon esplotazioa borrokatu!' dinamikako jardunaldiak antolatu ditu Urola Kostako GKSk Zarautzen eta Zumaian

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 21a, 15:30

Urola Kostako GKSren aurkezpen ekitaldi baten artxiboko irudia. (Urola Kostako GKS)

Otsailean zehar abiatutako Gazteon esplotazioa borrokatu! dinamikaren barruan jardunaldi bana antolatu du Urola Kostako GKSk Zarautzen eta Zumaian. Zarauzko ekitaldia ostiralean izango da, otsailaren 24an, eta Zumaiakoa datorren astean, martxoaren 2an. 

Gazteon esplotazioa borrokatu! izeneko dinamika jarri du martxan Urola Kostako GKS otsailean zehar. Mugimenduak azaldu duenez, gazteen "lan baldintza prekarioen inguruan hitz egiteko tarte bat zabaltzea" du helburu proposamen honetan. Hala, Zarautzen eta Zumaian jardunaldi bana egingo du Urola Kostako GKSk dinamika honen barruan.

Lehena Zarautzen egingo da, datorren ostiralean, hilaren 24an, 18:30etik aurrera Zarauzko Gaztetxean. Gazteon esplotazioa lan esparruan gaiaren inguruko mahai-ingurua izango da, eta bertan langile batzuk gazteen lan baldintza eta egoera prekarioen inguruan hitz egingo dute. Jarraian, pintxopotea izango dute gaztetxean bertan. 

Zumaiako hitzordua datorren astean izango da, martxoaren 2an, ostegunez, 18:30ean hasita Torreberri Gaztetxean. Egun eta ordu horretan Borroka ekonomikoek zentzu politikoaz izeneko hitzaldia izango da.  "Borroka ekonomikoen mugez, borroka horien potentzialtasun politikoaz eta estrategia sozialistaren baitan betetzen duten paperaz" hitz egingo dute jardunaldi horretan.