Imanol Lopezen azken tantoak eman die Winter Series-ko txapela Beaskoetxeari eta biei

Onintza Lete Arrieta 2023ko ots. 19a, 14:26
Lopez, ezkerretik lehenengoa, sari banaketan. (Markel Suarez-Eraman Jai Alai)

Finaleko partida bikaina jokatu dute puntistek Gernikan gaur eguerdian. Lehen jokoan 15-8 nagusitu dira Lopez eta Beaskoetxea, baina bigarrenean gehiago izan dira Barandika eta Lekerika, eta 9-15 amaitu da jokoa. Hirugarren eta azken jokoan launa berdinduta egon dira, eta zumaiarraren jokaldi batek eman die garaipeneko bosgarren tantoa. "Denok nahi genuen hemen egon, eta gainera, txapela daramagu etxera", adierazi du partida amaitu berritan Lopezek.

2.000 ikusleren aurrean jokatu dute Jai Alai Winter Series zesta-puntako finala Gernikako pilotalekuan Imanol Lopezek eta Diego Beaskoetxeak Barandika eta Lekerikaren kontra. Partida oso orekatua izan da. Izan ere, aurreneko jokoan Lopez eta Beaskoetxea ibili dira sendoago, eta 15-8 nagusitu dira. Bigarren jokoan, ordea, bizkaitarrak finago aritu dira, eta 9-15 amaitu da zatia. Tanto ederrak egin dituzte batzuek zein besteek. Lopezek berak, esaterako, errebesean sekulako tantoa egin du, zaleen gozamenerako.

Hirugarren eta azken jokoan denek eman dute zuten onena, eta launa berdinduta iritsi dira azken tantora. Lopez bikain aritu da partida osoan zehar, eta azken tantoan ere ez du hutsik egin: bere tantoak eman die garaipena. Final berezia zen bere kidearentzat, gaur amaitu baitu kirol ibilbidea Beaskoetxeak, eta pozarren zen hori partida amaitzean. Baita Lopez ere: "Denok nahi genuen gaur hemen egon, eta gainera, txapelarekin goaz etxera".

Garaipena jende askori eskaini nahi liokeela esan du zumaiarrak, baina batez ere, Iñaki Aranberrirekin gogoratu nahi duela azpimarratu du, berari "motibazio handia" sorrarazten diolako.