Ezohiko hirukotearen kirol kluba

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ots. 18a, 09:00

Ezkerretik, Julen Mateos, Maddi Iraola eta Oier Sarasketa. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zumaiarrek egiten dituzten kirol zerrenda luzearen barruan badira batzuk nahiko ezohikoak direnak. Hain justu, Maddi Iraola, Oier Sarasketa eta Julen Mateos herrian hain zabalduta ez dauden kirol horietako hirutan lehiatzen dira: eskiatzailea da lehenengoa, xake jokalaria bigarrena eta motozalea hirugarrena. Abenduko Baleike aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Goi mailako kirolari profesional ugari eman dituen herria da Zumaia. Esparru anitzetan, gainera, eta haien eredua jarraitzeko itxaropenarekin futbolean, eskubaloian, surfean, zesta puntan edota arraunean aritzen diren gaztetxoak ere ehunka dira. Halaber, badira herrian maite duten kiroleko erreferenterik izan gabe gorenera iristearekin amesten dutenak ere. Azken horien adibide dira Maddi Iraola (Zumaia, 2007), Oier Sarasketa (Zumaia, 2010) eta Julen Mateos (Zumaia, 2010). Eskian, xakean eta motoziklismoan lehiatzen dira, hurrenez hurren. 

Hirurek etxekoen bitartez ezagutu zituzten ume-umetan gaur egun egiten dituzten kirolak: Iraolak, esaterako, 3 urterekin jantzi zituen eskiak lehenengoz. Alde horretatik, azaldu du eskiatzen ezagutu zutela elkar gurasoek, eta txiki-txikitatik eraman zituztela anaia eta biak. Are gazteagoa zen Mateos lehen aldiz motor batera igo zenean; moto elektrikoa zen, eta 2 urte baino ez zituen; gasolina bidezko minimotoa, berriz, 4 urte zituela oparitu zioten. Aitaren pasioa hartu du oinordetzan: "Aita ikusita zaletu nintzen motoaz, eta probatutakoan, oraindik eta gehiago gustatu zitzaidan". Beste biak baino zertxobait nagusiagoa zen Sarasketa xakeko piezak mugitzen hasi zenean: "6 urte nituenean, etxean zegoen xake taulak arreta eman zidan. Ez nekien zer zen, eta aitari galdetu nion. Berak erakutsi zizkidan arauak eta mugimenduak", oroitu du.

Hirurak oraindik oso gazteak dira, baina etorkizun oparoa dute aurretik; izan ere, lehian daramaten denbora apurrean emaitza bikainak erdietsi dituzte. Hiruretan zaharrena, Iraola, bere adineko Espainiako txapelduna da eslalom erraldoian. Horrez gain, beste bi modalitatetan ere lehiatzen da, eslalom arruntean eta super erraldoian, eta horietan ere emaitza bikainak lortu ditu. Azkenengo modalitatean, adibidez, podiumeko hirugarren kutxara igo zen martxoan Baqueira Bereten (Katalunia) jokatutako Espainiako eski txapelketan. 

Mateosek, berriz, zapore mikatzeko txokolatezko domina jantzi zuen Espainiako Txapelketan, Minimotard 85 kategorian. Lau lasterketatan puntu gehien biltzen dituenak irabazten du txapelketa, eta zumaiarrak gertu izan zuen podiuma, baina laugarren geratu zen azkenean. Hori bai, Gaztela eta Leongo (Espainia) txapelketa irabazi egin zuen, zazpi lasterketa jokatuta puntu gehien lortu zituena izan baitzen.

Sarasketak, azkenik, zortzigarren amaitu zuen bere adineko Espainiako Txapelketa, baina laugarrenarekin berdinduta. Horrek, 12 urtez azpiko Munduko Xake Txapelketa jokatzeko nahikoa puntu lortzea ahalbidetu zion, eta hala, irailean bi aste pasatu zituen Georgian gurasorik gabe; asko gozatu zuela esan du, baina aitortu du, aldi berean, azkenerako apur bat "luzea" egin zitzaiola. Edonola ere, oso gustura dago bizitako esperientziarekin. Emaitzari baino gehiago, jokatutako partidetan erakutsitako mailari erreparatu izan dio beti xake jokalari gazteak, eta munduko txapelketako lehen partidetan nahiko urduri aritu bazen ere, gerora partida txukunagoak jokatu zituen eta argi du ikasteko balio izan diola.

Iraola ere eraman du bere kirolak Europan zehar bidaiatzera, baina lehiatzeko baino gehiago, entrenatzeko: "Txapelketa bakarra jokatu dut Espainiatik kanpo, Andorran izan zen, eta txapeldunorde geratu nintzen. Frantzian, Suitzan edota Austrian ere eskiatu dut". Austriako azken bidaia hori, hain justu, Espainiako selekzioarekin egin zuen hamazazpi orduko bidaia eginda furgonetan. Oraindik gazteegia da selekzioak deitua izateko, baina gertuko segimendua egiten ari zaizkio. 

Hori gutxi balitz, egunotan ere atzerrian dabil. Zehazki, Suedian eta Norvegian ari da eskiatzen Aragoiko (Espainia) errendimendu altuko CETDI programaren barruan, eta harekin joan diren eskiatzaileetako batzuek, adinez zaharragoak direnak, hainbat txapelketatan hartuko dute parte; zumaiarrak, ordea, oraindik ezin du, horretarako ere gazteegia da, eta entrenatu baino ez da egingo. Dena den, aurki iritsiko zio nazioartean lehiatzeko aukera, eta amorratzen dago, nahiz eta badakien oso zaila izango dela aurkariak menderatzea "atzerrian hemen baino askoz maila handiagoa dagoelako".

Mateos ez da motorrarekin atzerrian izan, baina berak ere asko mugitu behar izan du txapelketetan parte hartzeko. Halabeharrez, zeren, Euskal Herrian, apenas antolatzen dituzten. Entrenatzeko ere herritik irten beharra izaten du; Nafarroara jotzen dute normalean aitak eta biak autokarabanan. Hilean bitan joan ohi dir,a eta batzuetan ama eta anaia ere animatzen zaizkie. Azken hori ere aritu zen motorrean, baina dagoeneko utzi du; "ez zuen oso gustuko", azaldu du motozaleak. 

Eskiatzailearen anaiari ere gauza bera gertatu zitzaion, utzi egin zuen nahikoa motibatzen ez zuelako. Halaber, Iraola bera ere egon zen uztekotan: "Hasieran ez nuen batere gozatzen, eta 8 urte nituela, argi nuen utzi egin nahi nuela, baina beste talde batean sartu ninduten, eta iritziz aldatu nuen. Ordura arte, txikiagoak ziren haurrekin nengoen taldean, eta aspertu egiten nintzen". Gerora, lesio larri batek ia behartu zuen kirola uztera: hiru ebakuntza egin behar izan zizkioten belaunean. 

Mateosek bezalaxe, Iraolak ere nahitaez mugitu behar du herritik eskiatu ahal izateko. Ondorioz, eski estazioak zabalik daudenean Jakan (Aragoi, Espainia) finkatzen du bizitokia. Hala, ikasturteko bigarren hiruhilekoa bertan egiten du oso-osorik. DBHko lehen mailan hasi zen, eta "oso gogorra" egin zitzaion eskolak gaztelaniaz jasotzera ohitzea. Beste bi hiruhilekoak, berriz, Zumaian egiten ditu, baina eskola-ordu dezente galtzen ditu lehenengoan.

Sarasketa da hiruretan arazo gutxien dituena xakean aritzeko, online zein klubeko kideen aurka jokatzen duelako. Horrez gain, astean behin Fabian Fiorito entrenatzaile argentinarrarekin izaten du hitzordua. Online aritzen dira ordu eta erdiz. Aurrez entrenatzaile zarauztarra eduki zuen, eta hark gomendatuta hasi zen Fioritorekin, eta asko ari da ikasten. Harekin duen hartu-emanean gaztetxoak jokatutako txapelketak ere aztertzen dituzte; izan ere, entrenatzaileak zuzenean ikusi ezin baditu ere, partidetan egindako mugimenduak txostenetan jasotzen dira.

Dagoeneko erakusleihoan

Irudiak gero eta garrantzi handiagoa du kirol munduan, eta hiru zumaiar gazteentzat ez da salbuespena. Mateosi aitaren lagun batek kudeatzen dizkio sare sozialak eta motozaleak korritutako lasterketetako irudiekin elikatzen ditu. Iraolari ere gero eta gehiago eskatzen diote babesleek argitalpenak maizago egiteko sareetan. Horrez gain, podiumera igotzen den bakoitzeko babesten duten etxeetako markak ongi erakusten ditu. Azken finean, ezinbestekoa du laguntza hori, zeren hiru modalitatetan lehiatzen denez, eski jakin batzuk behar ditu bakoitzerako, eta oso garestia da materiala. Babesleek erdi prezioan uzten dizkiote publizitatearen truke.

Sarasketak ere badaki zer den publizitatea egitea: munduko txapelketan parte hartu ahal izateko, bidaia finantzatzeko babesle bila aritu zen aita, eta halako batean, lortu zuen gastuak ordaintzeko behar adina diru. Trukean, bideo bat grabatu behar izan zuen Sarasketak Georgiatik.

Tarte gutxi beste kiroletarako

Xakeaz gain, futbola ere egiten du Sarasketak; atezaina da, eta oso gustuko du hori ere. Horregatik, batzuetan zaila egiten zaio bi kirolak uztartzea; azken finean, gerta dakioke asteburu berean futbol partida eta xake txapelketa izatea. Hala tokatu zaionean, zirt edo zart egin behar izan du, eta batzuetan xakea lehenetsi du, eta besteetan, futbola. Ez du nahi bataren edo bestearen artean aukeratu beharreko ordua iristerik.

Iraolak ere egin izan du beste kirolik eskiaz harago. Zehazki, balleta eta gimnastika erritmikoa, baina dagoeneko utzi ditu. Belauneko lesioak bultzatu zuen beste bi kirolak utzi eta eskiaren aldeko hautu bakarra egitera. Kontrara, Mateosek ez du motoziklismoa ez den beste kirolik buruan.

Motoekiko zaletasun hori kritikatu ere egin izan diote Mateosi lagunek: "Bizitza arriskatzen dudala esaten didate, eta ez duela zentzurik. Nik badakit, ordea, probatu ez dutelako esaten dutela hori". Horrez gain, egiten duena kirola denik ezbaian ere jarri diote: "Motoan eserita gidatzen dudanez, esaten didate ez naizela nekatzen, baina hori ez da horrela. Azken batean, abiadura handian zoazenean, indarra egin behar duzu motoa mugitzeko". Hari beretik, Sarasketak ere entzun behar izan du xakea ez dela kirola, baina berak argi du: "Kirola ez da fisikoa bakarrik, mentala ere bada".

Eskia kirola denik inork gutxik ukatu dio Iraolari; halere, inoiz aurpegiratu diote egiten duenak ez duela zailtasunik. Eskiatzaileak jakin badaki, ordea, lortu dituen emaitzen atzean zenbateko lana dagoen. Gustukoa egiten ez dutenik, behintzat, ez die aurpegiratuko inork.