Gizarte zerbitzuetako erabiltzaileei botikak egoki hartzen laguntzeko programa abiatu dute

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ots. 15a, 15:42
Zumaiako Udaleko eta Gipuzkoako Botikariek Elkargoko ordezkariak.

Zumaiako Udalak eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoak hitzarmena sinatu dute eta programa bat martxan jarri dute gizarte zerbitzuetako eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileek botikak medikuak agindu bezala hartzen irakasteko.

Zumaiako Udalak eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoak programa bat jarri dute martxan, gizarte zerbitzuetako eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileek botiken erabilera optimizatu eta hobetu dezaten. Udaletik jakinarazi dutenez, horretarako, garrantzitsua da botikak hartzen dituzten herritarrek botika horiek ezagutzea eta programaren bidez horiek nola erabili irakatsiko diete, modu horretan tratamendua behar den bezala bete dezaten. Horrez gain, botikekin zerikusia duten arazoak ere identifikatuko dituzte, eta etxez etxeko laguntzaileei eta zaintzaileei lana erraztuko diete, botikei dagokionez.

Programa honako erabiltzaileei zuzenduta egongo da: etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzen duten herritarrak, familia-ingurunean zaintzeko prestazio ekonomiko bat jasotzen duten zumaiarrak, udal gizarte zerbitzuetako profesionalek zehazten dituzten herritarrak eta ezaugarri sozio-sanitario jakinengatik gizarte harrerako zentroetan dauden pertsonak.

Zumaiako Udalak jakinarazi du Gipuzkoako Botikarien Elkargoarekin sinatutako hitzarmenaren xedea dela "Zumaiako pertsonen bizi-baldintzak eta arreta-maila hobetzeko lan egitea".