Goikoetxeak eta Etxetok ezin izan dute Winter Series txapelketa garaipenarekin bukatu

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 14a, 12:30

IƱaki Osa Goikoetxea atzoko partidako pasarte batean. (Andoni Iparragirre-Guk Jai Alai)

Jai Alai Winter Series txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zen atzo Gernika Jai Alai frontoian. Iñaki Osa Goikoetxeak eta Etxetok osatutako bikoteak ezin izan du txapelketa garaipenarekin bukatu eta, ondorioz, laugarren postuan amaitu dute. 

Datorren igandean jokatuko den final handiaren atarian, udazkenetik hona jokatu den Jai Alai Winter Series txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zen atzo Gernika Jai Alai frontoian. Iñaki Osa Goikoetxea eta Etxeto batetik, Olharan eta Basque bestetik, bi bikoteak ere ohorezko garaipenaren bila. Ikuskizun ederra eskaini zuten lau pilotariek, eta aurreko jardunaldietan gertatu bezala, frontoiko harmailak jendez gainezka izan ziren.

Partida berdindua izan zen, eta markagailuak hala erakutsi zuen. Goikoetxea eta Etxetorentzako izan zen partidako lehen seta: 15 eta 11 emaitzarekin irabazi zuten, Goikoetxeak egindako erakustaldiaren ondoren. Bigarren seta are eta berdinduagoa izan zen, eta 14nako berdinketa ere izan zen markagailuan. Azken tantoa, hamabosgarrena, ordea, Olharan eta Basquerentzako izan zen (14 eta 15), eta setetan banako berdinketa jarri zuten.

Hirugarren setean, set laburrean, erabaki zen partida eta hor Olharan eta Basque nagusitu ziren 3 eta 5 emaitzarekin. 

Imanol Lopez finalean

Igandean, eguerdiko 12:00etan, jokatuko da txapelketako final handia. Zumaiar bat izango da finalean, Imanol Lopez, partida honen ondoren erretiroa hartuko duen Diego Beaskoetxearekin bikotea osatuta; aurkariak Barandika eta Lekerika izango dituzte.