Lehen euskal zazpimilakoaren igoeraren ingurukoak jasotzen dituen dokumentala, gaur Aita Marin

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 14a, 09:30

Bilbon egiten duten Mendi Film nazioarteko jaialdiko lanak emango dituzte asteburu honetan Aita Mari aretoan, Indamendiren 50. urteurreneko ekitaldien barruan. Gaur izango da lehen saioa, 19:30etik aurrera. 

Mendi Tour jaialdi ibiltaria aste honetan Zumaiara helduko da. Bertan, Bilbon antolatzen duten Mendi Film nazioarteko mendiko zinema jaialdian aurkeztu diren lanak erakusten dira. Zumaian bi emanaldi izango dira, gaur lehena eta etzi bigarrena, eta Indamendi bazkunaren 50. urteurreneko ekitaldien barruan antolatu dituzte. Saio bakoitza 19:30ean izango da Aita Mari aretoan, eta sarrerek 5 euro balio dute. Egunean bertan aretoko leihatilan izango dira salgai, baita aurrez turismo bulegoan ere.

Gaur bi lan ikusteko aukera izango da. Lehenbizi Adrenaline sucks film laburra erakutsiko dute, eta ondoren Mendiak 1976 dokumentala. Azken horrek 1976. urtera eramango ditu ikusleak, non Iruñeko gazte talde batek historia egin zuen Shakhaur gailurrera (7.116 m) iristean, Afganistanen. “Lehen euskal zazpimilakoa” izan zen, baina laster poza tristura bihurtu zen. Jaitsieran istripu bat gertatu zen: taldeko kide bat hil egin zen eta beste bat larri zauritu. Poloniako espedizio baten laguntzari esker, beren lagunaren bizia salbatzea lortu zuten, eta esperientzia horrek gaur arteko adiskidetasuna ekarri zuen.