Telmo Irureta: "Ez dakit ateak zabalduko dizkidan honek. Espero dut baietz. Behintzat, sari hau hor geratuko da"

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 13a, 20:00
Telmo Irureta Goya sariarekin. (Academia de cine)

Larunbatean banatu zituzten Goya sariak, eta Telmo Iruretak aktore berri onenarena lortu du.

Rodrigo Sorogoyen zinemagilearen eta haren As bestas filmaren gaua izan zen larunbatekoa. Espainiako Zinema Akademiaren eskutik, bederatzi Goya sari jaso zituen lan horrek Sevillako (Espainia) Fibes erakusketa eta kongresuen jauregian eginiko ekitaldian. Aitzitik, ez zen garaileen loria dastatu zuen bakarra izan. Piztia gehiago ere goratu zituzten, eta horien artean, baita eskualdekoak ere. Aktore berri onenaren saria Telmo Irureta zumaiarrak jaso zuen. Esne mamitan daude oraindik ere ekitaldiaren biharamunean.

"Pozik, ilusionatuta eta eskertuta" sentitzen dela nabarmendu du Iruretak jasotako aitortzarekin. "Jaso aurreko denbora tartean denetarik pentsatzen duzu: ‘Irabaziz gero, zer? Edo, ez badut irabazten?’. Aukerak banituen, baina bost aktore ginen, beraz, besteek ere nire probabilitate berak zituzten", zehaztu du. Elena Irureta aktorea eta bere izeba izendatuen izenak esatera oholtzara igo zenean, "estutasuna" sentitu zuela onartu du zumaiarrak. "Banekien ekitaldian  sari bat eman behar zuela, baina ez zein alorretakoa. Oholtzan ikusi nuenean, susmo bat izan nuen saria niri emango ote zidaten. Egia esan, detaile oso polita iruditu zitzaidan".

Saria jaso eta gremio osoari zuzendu zitzaionean, "egundoko tentsioa" pasatu zuela dio: "Banekien zer esan nahi nuen, ideiak oso garbi eta ziur nituen, baina han zaudenean, horrelako momentu batean, beti geratzen zara hobeto egin zenezakeen sentsazioarekin", adierazi du. Ez du, ordea, horretarako motiborik: Iruretaren mezua ozenago esan zitekeen, baina ez argiago.

Fernando Francoren La consagracion de la primavera filmean lankide izan dituenak eskertu zituen agertokitik, "esperientzia zoragarria" izan dela azpimarratuz; ez da ahaztu behar zumaiarraren lehen film luzea dela hori. Filmean gorpuztu duen David pertsonaiari ere eskerrak eman zizkion: "Desgaitasuna duten pertsonen sexualitateari keinu egiten dio. Gu ere existitzen gara, guk ere txortan egiten dugu". Horrekin batera, zinema inklusiboago baten aldeko aldarria egin zuen. 

"Goya irabaziz gero, pentsatzen nuen kristoren gorakadarekin egongo nintzela, baina, egia esan, ez zen horrela izan. Oso urduri egon nintzen. Eskerrak ekitaldia hasi eta nahiko azkar eman zidatela saria, bestela... Gero, pasatutako tentsio guztiaren eta xahututako energiaren ondorena izan nuen, eta beheraldi apur batekin egon nintzen", kontatu du.

Gozatzeko gaua ere izan zen larunbatekoa. Jende asko ezagutzeko parada izan zuela azaldu du Iruretak, eta denak oso jator zuzendu zirela berarengana. Adibidez, aktore berri onenaren sarirako izendatuta zegoen Christian Checarekin oso ongi konpondu zela esan du. "Ez dakit ateak zabalduko dizkidan honek. Espero dut baietz. Behintzat, sari hau hor geratuko da!".

Erreakzioak

Sariaren berri jaso eta berehala hasi zen Irureta zorion mezuak jasotzen. Lehenbizi sare sozialen bidez, modu pertsonalean jarraian. Zumaiako Udalak ere zoriondu du Irureta jasotako sariarengatik, eta "bere aktore eta sortzaile ibilbidean zorterik onena" opa diola ere esan du.

Alderdi Sozialistako bozeramaile Arritxu Marañonek ere zoriondu du aktore zumaiarra, eta ekitaldi bat antolatzeko eskatu dio udalari aktoreari esker ona adierazteko. Bestalde, Irureta aktore duen filma ere goraipatu du Marañonek, "zinema inklusiboagoa" erakusten duelako, eta balio duelako "gure gizartean dauden gizon eta emakumeen aniztasunera hurbiltzeko". Telmo Iruretak eta protagonista den filmak aurrez ezarritako gizarte-ereduak hausten dituzte, eta desgaitasuna agerian jartzen du eta, areago,  normalizatzea lortzen du. Horrela, istorioak errealismoan irabazten du eta interpreteek bere balio profesionala erakusten dute ere", gaineratu du.