Bost hamarkada gorabeheran

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ots. 5a, 09:00
Indamendiko zuzendaritzako lagunak 50. urteurrena oroitzen. (Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

50 urte, mende erdi bat, eta mila eta bat igoera, beste hainbat jaitsiera. Historia oparoa du Indamendi Mendi Bazkunak, baita etorkizunerako asmoak ere. Lehenbizi, urteurrena ospatzea. Horren guztiaren berri eman dute erreportaje honetan.

Abenduko Baleike aldizkarian argitaratutako erreportajea.

Datorren otsailean beteko du mende erdia Indamendi Mendi Bazkunak. Ordurako finkatu du, behintzat, urrezko ezteietarako data gaur egungo Zuzendaritza Batzordeak. Bidasoa kalean duten bulegoa arakatuta topatu duten kutsu ofizialeko agiri zaharrena hautatu dute elkartearen adina zehazteko, zeren jakin badakite sorrera aurretiazkoa dela. Horren erakusle, kaxoi artean aurkitutako lehen bazkide txartelak, 1973ko urtarrilekoak, eta, batez ere, Zeruko Argia aldizkariaren 1972ko azaroaren 5eko zenbaki batean jasotako aipamena: Beste elkarte bat ba omen dugu herrian. (...) 'Indamendi' izenez bataiatu dute. Beren asmo askoren artean oraingoz nagusiena hau omen dute: neska-mutikoekin igandeetan mendi ibilerak eratzea. Ordutik igaro diren 50 urteetan aldatu ez den xedea da.

Nolanahi ere, denbora horretan izan da aldaketarik, noski. Zuzendaritza Batzordean, halabeharrez. Lehenengoan ez zen emakumerik eta orain erdia dira, tartean, lehendakaria eta lehendakariordea: Lore Esnal eta Ines Aseginolaza. Gainerako zuzendaritza postuak Ana Egañak, Andres Esnalek, Jose Ignacio Urbietak eta Jose Luis Etxabek betetzen dituzte. 

Lehen Zuzendaritza Batzordea osatu zuten gazteen izenak, berriz, Indamendiren urtebetetzea finkatzeko baliatu duten familia liburuan daude jasota. Honela dio liburuxkaren lehen orriak: 1973ko otsailaren 9an, arratsaldeko 8:30ean, zuzendaritza batzordeko kide hauek bildu dira ohiko batzarrean: Jokin Zubeldia, Agustin Esnal, Simon Idigoras, Jose Miguel Aramendi, Antxon Aldalur, Jesus Aizpurua, Josu Aguirre, Luis Mancisidor, Fermin Azcue, Iñaki Lazcano, Fernando Rubio eta Joseba Zubiaurre.

Giza garapenak ekarri ditu elkartean eragina izan duten aldaketa gehiago ere. Ildo horretatik, mugikortasunean eman diren aurrerapausoak nabarmendu ditu Lore Esnalek; izan ere, bi asteburutik behin egiten dituzten irteerak erosoagoak zaizkie orain. Lehenengo ibilaldiak antolatzen hasi zirenean Anboto igotzeak, adibidez, egun osoa etxetik kanpo pasatu behar izatea ekartzen zien. Egun, ordea, eguerdirako Zumaiara bueltan izan daitezke. Azken batean, errepideak hobeak dira, eta aukera zabalagoa dago.

Horrez gain, duela 50 urte izapide gutxiago bete behar zuten. Indamendi jaio zenean mendizale federaziorik ez zegoela gogoratu du Andres Esnal diruzainak: "Klubak sortu ziren aurrena, eta ondoren etorri zen federazioa". Edonola ere, horrek ez du elkartearen jarduera oztopatu mendi ibilaldiak antolatzeko. Jose Ignacio Urbieta idazkariak azaldu duenez, eurek dei irekiak egiten dituzte. Hau da, parte hartu nahi duen orok eman dezake izena; baita bazkide ez direnek ere. Federatuta egotea ere ez da beharrezkoa, ezta asegurua egitea ere. Hori bai, elkartekoek beti gomendatzen dute federatzea. Halaber, Urbietak argi dio: "Guk antolatutako ibilaldiek ez dute inor aseguratzen, norbera nahiko heldua bada bere buruaz arduratzeko. Autobusa kontratatzen dugu, eta izena eman eta gurekin animatzen denari bidea erakusten diogu". 

Alde horretatik, Indamendik eskaintzen duen berezitasun nagusietako bat da ibilbideetako asko zeharkaldiak direla. Hau da, puntu batean hasi eta beste batean amaitzen dituzte txangoak. Autobusean mugitzearen abantailetako bat da hori, zeren eta mendira autoan gerturatuz gero, nahitaez itzuli behar baita abiapuntura.

Mendi irteeren egutegia aurrerapen handiarekin prestatzen dute, datorren urte osokoa itxi dute, esaterako, eta goiz bakarrean egitekoak, egun osokoak edota bizpahiru egunekoak izan daitezke. Egun bakarrekoak direnak Euskal Herriko mendateetara egiten dituzte eta Aste Santua, San Pedro jaiak eta zubiak urrunago joateko aprobetxatzen dituzte: "Pirinioetan askotan izan gara, Leonen, Sorian, Alacanten, Nevacerradan Madrilen, Sierra de Aitanan Valentzian, Europako mendiak Asturiasen…", zerrendatu dute batzarkideek elkarrekin. Penintsulatik at ez dute bidaiatu Indamendiren izenean, nahiz eta elkarteko kideren batzuek egin duten halako abenturaren bat: Atlaseko mendikatean –Afrika iparraldean– izan ziren batzuk, eta zuzendaritza taldeko Ines Aseginolaza eta Jose Luis Etxabe Nepalen izan berri dira.

Orain 50 urte Indamendi sortu zutenean mendi federaziorik ez zegoen

Azpimarratu beharra dago, era berean, urte luze hauetan Indamendik antolatutako txango bakar batean ere ez dela ezer larririk gertatu. Nolanahi ere, izan da batzarkideen artean hausnarketa eragin duen gertaerarik. Ana Egañak esan du, adibidez, asko hunkitu zuela Bilboko talde bati gertatutakoak: "Eguraldi iragarpena lagun ez bazuten ere, aurreikusita zuten ibilbidea egitea erabaki zuten, eta elurrak harrapatu zituen. Taldekideetako bat hil egin zen, eta beste bat helikopteroz erreskatatu behar izan zuten. Orduan jabetu nintzen zenbateko ardura dugun ibilaldien antolatzaileok". 

Egañak aipatutakoaren gisako zorigaiztoko ezbeharrak ekiditeko maiz moldatu dituzte planak elkartean. Txangoa bertan behera utzi gabe, betiere. "Ez dugu programatutako irteera atzeratzeko ohiturarik, alertaren bat ezarri dutenean soilik bota dugu atzera. Dena den, bidea arriskutsu badago, aurreikusitako ibilbidea aldatzeko arazorik ere ez dugu izaten. Tontorrera igo beharrean, beste bide bat hartu, eta kito", azaldu du Egañak berak. Eta Lore Esnalek zera gaineratu du: "Mendira joateko euria sekula ez da oztopo izan. Askotan ibili gara euripean, aski da arropa aproposa eramatea".

Eskola kirola

Arestian esan bezala, txikien artean mendizaletasuna bultzatzea da Indamendiren egiteko nagusietako bat. Helburu hori betetzeko herriko eskolekin elkarlanean jarduten dute eskola kirola egitasmoaren barruan. Gauzak horrela, txango ugari egiten dituzte urtero; baina, helduekin ez bezala, haurrekin mendi irteerak antolatzea lehen baino nekezagoa zaie. "Adin txikikoak autobusera igotzeko gurasoek baimena sinatzea nahitaezkoa da, eta guraso horiek gero eta xehetasun gehiago eskatzen dituzte, gainera. Seme-alabak etxera bueltan noiz izango diren zehazki jakin nahi dute, zer ibilbide egingo duten zehatz-mehatz…", kontatu du Egañak. 

Hori gutxi balitz, arduradunak adinez nagusia izan behar du, eta mugatuta du zaintzapean hartu dezakeen haur kopurua. Horri dagokionez, Andres Esnalek gogoratzen du haurrak zirenean haren anaia zaharra begirale bakar hartuta askotan joan izan zirela mendira: "Anaiak 19 urte inguru izango zituen soilik, eta bera eta beste bizpahiru lagun baino ez ziren etortzen gurekin 60 lagun haur izanik". Are gehiago esan du Ana Egañak: "Ibilaldi neurtura bakarrik joaten ginen, heldurik gabe. Egia da antolatuta zegoela eta bidea ondo markatuta, baina gaur egun ezinezkoa da hori. Nahitaez lagundu behar zaitu heldu batek".

Ildo beretik, elkarteko lehendakariari euren haurtzaroko beste oroitzapen hauxe datorkio gogora: "Ezkaraira egin genuen irteera batean, mela-mela eginda bukatu genuen, eta ez genuen aldatzeko arroparik. Hotzez ginenez, bertako jendeak arropa lehorrak utzi zizkigun etxez etxe eskean aritu ondoren. Orain, pentsaezina da hala jardutea".

Pandemia

50 urte hauetan gorabehera ugari izan ditu elkarteak, baina guztietan gogorrena COVID-19ak eragindakoa izan da Lore Esnalen hitzetan; izan ere, urtean antolatutako 25 mendi irteera inguru egitetik etxean geratu behar izatera igaro ziren egun batetik bestera. Gainera, neurriak pixkanaka kentzen hasi zirenean, horiek etengabe aldatzen zituzten. Gauzak horrela, gerta zitekeen kutsatzeen bilakaeraren ondorioz herriko mugak atzera berriro itxi behar izatea egun batetik bestera eta prestatutako txangorik gabe geratzea. Dena den, Indamendik azken unera arte eusten zien hitzorduei horiek bertan behera utzi aurretik. Azken batean, mendia arnasgunea zen askorentzat.

Pandemiaz geroztik Euskal Herri osoan egin du gora federatu kopuruak, baita Zumaian ere

Bazkide kopuruan ere antzeman dute hori, nabarmen egin baitu gora. Inoizko gehien dituzte orain: 318. Horren arrazoi nagusia da mendizale federazioan izena eman ahal izateko elkarteko bazkide izan beharra dagoela, klubek kudeatzen baitituzte federatzeko izapideak. Pandemiaz geroztik Euskal Herri osoan egin du gora federatu kopuruak, eta Zumaia ez da salbuespena. Gainera, Urbietak azaldu duenez, erabateko normaltasunetik gero eta gertuago bagaude ere, joera hori ez da aldatu. Alegia, federatu kopurua gora egiten ari da oraindik ere.

Edonola ere, elkartearekin lotura zuzena duten bazkideak nabarmen gutxiago dira: 30 inguru "leialenak" eta bi asteburutik behin jarritako hitzordura hutsik egiten ez dutenak; beste 30 noizbehinka animatzen direnak; eta gainerakoek apenas duten harremanik. Gazteen falta nabari dute, eta erakarri nahiko lituzkete elkarteak jarraipena izan dezan.

Urtebete iraungo duten ospakizunak

Urtebetetze data ofiziala otsailean izango duen arren, Indamendik hasiak ditu ospakizunak. Maiatzaren 15ean hasi zituen Indamendi Egunarekin, eta datorren urtean amaituko ditu Indamendi Egunarekin, berriro ere. Bitarte horretan, ekintza ugari izango dira, hala nola, hitzaldiak, lehiaketak eta erakusketak.

Ekintza nagusia, dena den, Euskal Herria Aldenik Alde zeharkaldia da, zeinarekin Euskal Herria ekialdetik mendebaldera gurutzatuko duten 24 etapatan. Ibilbidea hasi dute dagoeneko, eta ohitura propioei jarraituz, bi astetik behin ari dira. Hala, Euskal Herriko tontor ezagun gehienak egingo dituzte: Tologorri, Gorbea, Anboto, Udalatx, Aizkorri, Irumugarrieta, Ireber, Saioa, Ori, Otsogorrigaña eta Hiru Erregeen Mahaia, besteak beste.