Winter Serieseko finalean izango dira Beaskoetxea eta Lopez

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 31a, 10:00
Imanol Lopez eta Diego Beaskoetxea atzoko partidako une batean. (Markel Suarez)

Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketako lehen finalerdia jokatu zen atzo Gernikan. Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek osatutako bikoteak finalerako txartela eskuratu zuen atzoko partida irabazi ondoren. 

Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopez Gernikan jokatzen ari diren Jai Alai Winter Series txapelketako finalera heldu dira atzo jokatutako finalerdian Olharan eta Basqueri bi set eta huts emaitzarekin irabazi ondoren. Hurrengo astelehenean jakingo dute zer bikoteren aurka arituko diren txapelketako finalean. 

2.000 lagun baino gehiago bertaratu ziren atzo Gernika Jai Alai frontoira zesta-punta txapelketa honetako lehen finalerdia ikustera. Lehen fasean porrotik izan ez zuen bikotea alde batean, Olharan eta Basque, partidaz partida hobetzen joan dena bestean, Beaskoetxea eta Lopez. 

Bidasoaz bestaldekoentzako izan ziren partidako lehen tantoak (3-1), baina Gernikakoak eta zumaiarrak erreakzioa izan zuten eta aurretik jarri ziren markagailuan (3-7). Tanto ikusgarri ugariren ondoren, lehen seta Beaskoetxea eta Lopezentzako izan zen (10-15).

Bigarren setean urduri atera ziren Olharan eta Basque; oso kontzentratua, berriz, Beaskoetxea eta Lopez. Hala, ia ohartu gabe 0-6 jarri ziren aurretik, baita 1-8 emaitzarekin aldea handitu ere. Mugaz bestaldekoek erreakzio txiki bat izan zuten (2-8, 4-9, 5-10), baina partida erabakita zegoen ordurako, eta 8-15 emaitzarekin irabazi zuten partida bizkaitarrak eta gipuzkoarrak. Hala, beraiek dira finalera sailkatu diren lehen bi puntistak.