Olatz Arregi: "Ez dugu nahi makinek gizarteko bazterkeria egoerak zabaltzerik"

June Romatet Ibarguren/Gipuzkoako Hitza 2023ko urt. 28a, 11:00
Olat Arregi artxiboko argazkian.

Ezer askorik ez zekiela heldu zien Olatz Arregik Informatika ikasketei, baina lotu egin zuen "mundu berri" horrek, eta ikerketa eta irakaskuntza lanabes dituela bizi da orain. Arduratuta dago generoaren gaiarekin.

Matematika, logika eta euskara gustatzen zitzaizkion berez. Hiruretatik bakarra aukeratu behar, eta Informatika ikastea erabaki zuen Olatz Arregi Uriartek (Bergara, 1963). Ikasketak amaitu, eta irakasle lanetan hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta ordutik ikasle asko pasatu dira haren ikasgelatik. Ikerketan ere aritu izan da, Ixa taldean lehenengo, HiTZ zentroan gero…

Nola iritsi zinen Informatika ikasketak egitera?

Garai hartan, ez ziren batere ezagunak informatikari buruzko kontuak. Ez nuen batere argi zer ikasi, matematika eta logika nituelako oso gustuko. Bestalde, euskara ere asko gustatzen zitzaidan. Beraz, zalantza nuen Matematika ala Euskal Filologia ikasi. Baina banuen Informatika ikasten hasia zen lagun bat, eta nahiz eta nik ia-ia ez nekien ordenagailu bat zer zen ere, logika eta matematika asko behar zela kontatu zidan. Hori jakinda eta filmetan ikusitako robotengatik eta abarrengatik, horretan sartzea erabaki nuen.

Aldaketa asko izan ditu Informatika graduak?

Gauza asko aldatu dira. Gu sartu ginenean, adibidez, ez geneukan ordenagailurik eskura, eta, beraz, paperean programatzen genuen eta exekutatzera bidaltzen genuen gero. Argi dago egunero aldatzen den zerbait dela informatika. Asko aldatu da, eta kezkagarria da bereziki genero aldetik izan den aldaketa. Lehen, pareko kopuruak izaten ziren ikasleen artean, baina gaur egun oso maskulinizatuta dago Informatika fakultatea; zorte handia behar da ikasgelan emakume bat topatzeko.

Ikasketei ekin, eta berehala nabaritu zenuen lotura?

Asko gustatu zitzaidan, bai; gauza ezberdinak ikasten genituen, baina niretzat programazioa izan zen gairik interesgarriena. Mundu berri bat ezagutu nuen informatikarekin. Konturatu nintzen lan asko eskatzen zuela, ez zela magia, oso prozesu polita zela. Hala ere, ikasketak bukatu nituenean, ez nekien oso ondo nora jo; informatikarien beharra bazegoen, baina banketxeetan eta enpresetan horietako asko, eta nik ez nuen oso argi mundu horretan sartu nahi nuen edo ez. Bestalde, irakasle euskaldunen beharra ere bazegoen. Nik, adibidez, gaztelaniaz ikasi nuen dena. Orduan, irakasle batzuk mintegi batzuk euskaraz ematen ari ziren, eta haietako batek irakasle sartzeko aukera eman zidan. 23 urterekin hasi nintzen klaseak ematen. Batzuetan pentsatu izan dut zer egingo ote nukeen bide hori hartu izan ez banu, eta pena pixka bat ematen dit, baina ez naiz damutzen.

Gipuzkoako Hitzan irakurri daiteke elkarrizketa.