Norvegia izango du aurkari Espainiak munduko txapelketako final laurdenetan

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 25a, 10:30
Kauldi Odriozola, ezkerrean, defentsa lanetan. (IHF)

Munduko txapelketako final laurdeneko partida jokatuko du gaur Espainiako selekzioak. Norvegia izango du aurkari 18:00etan hasiko den partidan. 

Polonian eta Suedian jokatzen ari diren munduko eskubaloi txapelketa final laurdenetara heldu da. Espainiako selekzioak Norvegia izango du gaur aurkari Gdansk hirian, 18:00etatik aurrera. Partida Teledeporte bidez ikusi ahal izango da zuzenean.

Espainiako selekzioak bigarren amaitu zuen main round delako fasea Poloniari eta Esloveniari irabazita, eta azken partidan Frantziarekin galduta. Aurretiko faseko partidetan erakutsitako maila ona berretsi zuen Kauldi Odriozola zumaiarrak main roundean. Defentsako lan aparta egiteaz gain, erasoan ere erabakigarria dela erakutsi zuen Nantes klubeko jokalariak. Esloveniaren aurkako partidan bera izan zen Espainiako selekzioko goleatzaile nagusia, sei golekin; Poloniari hiru gol sartu zizkion eta bakarra Frantziari.