1.900 kilo produktu bildu ditu Darahlik Sahararako errefuxiatuentzako

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 25a, 09:00
Darahliko boluntarioak pasa den larunbatean egindako janari bilketan. (Juan Luis Romatet)

Saharar herriarentzako janari eta beste produktuen bilketa egin zuen Darahli elkarteak pasa den astean Zumaian. Guztira 1.900 kilo bildu dituela eman du jakitera elkarteak. 

Euskal Karabanaren bidez Saharako desertuko kanpalekuetara eramango duten janari eta osasun produktuen bilketa egin zuen pasa den astean Darahli elkarteak. Astean zehar herriko ikastetxetan jaso zituzten elikagaiak eta bestelako produktuak, eta larunbat goizean herriko supermerkatuetan. 

Darahlik jakitera eman duenez, guztira 1.900 kilo produktu bildu dira kanpaina honetan. "125 bat kaxa bete dira atun, azukrea, pasta, lekale eta arrozarekin, eta beste hamar kaxa handi konpresekin. Gutxi gorabehera, 1.900 kilo inguru elikagai jaso da eta otsailean irtengo duen karabanan bidaliko da. Horretaz gain, 500 euro dirutan ere jaso da eta elikagaiak garraiatzeko erabaliko dugu", azaldu dute Darahliko kideek.

Aurreko deialdiekin alderatuta, bilketa txikiagoa izan dela azaldu dute saharar herriaren alde lan egiten duen elkarteko kideek. Hala ere, herriaren erantzuna "bikaina" izan dela azpimarratu du Darahlik.

Kanpaina honetan lagundu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkie elkarteak: "zumaiar guztiei, herriko supermerkatuei eta ikastetxeei, baita janari bilketa honetan parte hartu duten 35 boluntarioei".