Igandean jokatuko dute Zumaiako XI. Txakurkrosa

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 25a, 08:00
Parte-hartzaileak Basustara eramaten duen aldapa igotzen. (Onintza Lete Arrieta)

Iazko zirkuitu bera prestatu dute aurten ere. 70 bikote inguruk parte hartuko dutela aurreikusi dute. Izena emateko epea bihar gauerdian amaituko da.

Datorren igandean jokatuko da Zumaiako XI. Txakurkros Lasterketa. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, txakurraz eta haren jabeaz osatutako 70 bat bikote bertaratuko dira Aitzuri frontoiaren parean kokatuko den irteera puntura. Izenak emateko epea bihar gauean itxiko dute.

Iazko edizioan estreinatu zuten zirkuitu bera mantenduko dute aurtengo lasterketan ere. Hala, aurten ere, Aitzuri frontoi parean kokatuko dituzte lasterketako irteera eta helmuga. "Lehen Aitzuri kalean jartzen zen irteera eta Aizkorri kalean, Branka eraikinaren parean, helmuga. Horrek auzuneko zirkulazioan eragin handiagoa zuen, eta ikusleek ere zailtasun handiagoak zituzten proba jarraitzeko. Iaz frontoi aurrera eraman genuen; kalea zabalagoa izanda, pandemiak behartutako distantziak ere errazago gorde zitezen. Aldaketak erantzun ona izan zuen, eta horregatik bertan mantendu ditugu irteera eta helmuga", azaldu du Zumaiako Kirol Patronatuko kudeatzaile Antxon Alberdik.

Lasterketa 11:00etan hasiko da, eta Otezuri parean Basustarako bidea hartuko dute, zirkuituari bi buelta eman eta frontoi parera itzultzeko. 8.300 metroko distantzia egingo dituzte, guztira.

Eguraldi hotza dago iragarrita iganderako, eta horri Basustako zelaietan aurkituko duten basa gehitu beharko zaio. Horregatik, aurtengo proba gogorra izatea aurreikusten da.

Izena kronoak.com webgunean eman daiteke bihar gauerdira arte. "Gaur egun 50 bat parte hartzailek dute izena emanda, baina egia da izen ematea mantso joaten dela. Ez dugu sekula 90 parte hartzaile baino gehiago izan, iaz ere 70 bat bikote izan genituen; aurten ere antzerako kopurua izango dugula uste dut", adierazi du Alberdik.

Behin proba nagusia bukatzean, 12:00etan, haurren lasterketa hasiko da. Horiei txakurrak eramatea gomendatu diete antolatzaileek. Izena momentuan bertan eman beharko dute, euro bat ordainduta. "Iaz frontoiaren aurrean dagoen belardian jarritako zirkuitu batean egin genuen lasterketa. Aurten ere gure asmoa hori zen, baina azken egunotan eskola berria egiteko hesiak utzi dituzte toki horretan. Horregatik, egunean bertan erabakiko dugu non egin, Puntanoetan edo frontoi aurrean".

Boluntarioak eta babesleak

Halako kirol proba bat antolatzeko boluntarioen laguntza behar izaten da, eta kasu honetan Zumaiako arraunlari beteranoak eta Anade elkarteko kideak arituko dira laguntzen. Horretaz, gain Alberdik auzoko denda, taberna eta enpresen laguntza ere eskertu du. Esaterako, hauek ematen duten laguntzarekin erosi izango dute txakurrei emango zaien saria: pentsua. "Beste proba askotan korrikalariei ematen zaie saria, baina txakurrei ez. Horregatik, txakurrentzako pentsua ematen hasi ginen, eta babesle hauei esker erosi ahal dugu", gaineratu du Alberdik.