Inauteriak 2023

Inauterietako kartel lehiaketan lanak aurkez daitezke dagoeneko

Maria Maya Manterola 2023ko urt. 6a, 10:00
2020ko Inauteriak iragartzeko lehiaketan aurkeztutako kartelen erakusketa. (Baleike)

Gabonak amaitzerako, Inauteriei begira jarri da dagoeneko Zumaiako Udaleko Kultura Saila. Aurtengoan ere herritar batek egindako afixak iragarriko du mozorroen festa, eta kartela hautatzeko, lehiaketa jarri dute abian. 

Kartel lehiaketa antolatu du beste behin ere Zumaiako Udaleko Kultura Sailak, 2023ko Inauteriak iragartzeko. Zumaiarrei zuzenduriko lehiaketa da, eta bakoitzak hiru lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere. 

Paperean eta digitalean, bi modutara aurkeztu beharko dira lanak, A3 neurrian, eta Zumaiako Inauteriak 2023 agertu beharko da ezinbestean. Egilearen izena eta datuak kartazal itxi batean entregatu beharko dira Alondegian bertan urtarrilaren 24a baino lehen. 

Urtero bezala, aurkeztutako lanak ikusgai izango dira otsailaren 3tik 20ra artean Alondegian bertan. Epaimahaia Festa Batzordeak osatuko du, eta bi sari banatuko ditu: kartel irabazlearen egileak 300 euro jasoko ditu, eta afixa hori erabiliko du udalak Inauteriak iragartzeko; bigarren saria, berriz, erakusketan jasotzen diren botoen bitartez banatuko dute, eta bi lagunentzako otordua eskuratuko du herritarrek hautatutako kartelaren egileak. 

Ohartarazi dute egile berak ezin izango duela saria hiru urtez jarraian eskuratu, eta saririk eskuratu ez duten kartelak erakusketa itxi eta hamabost eguneko epean berreskuratu ahal izango direla.