Errege Magoek ilusioa eta lilura ekarri dituzte Zumaiara

Maria Maya Manterola 2023ko urt. 5a, 20:43

Errege bezperan, ohiko desfilea egin dute herriko kaleetan zehar. Itsasontziz iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, eta itsas kiroldegiko pantalanean lur hartu ondoren, kalez kale egin dute kabalkada laguntzaileekin batera. 

Errege Egunaren bezpera da gaur, osteguna, eta Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek ez dute hutsik egin. Magiaz eta ilusioz beteriko desfilea ekarri dute Zumaiako kaleetara, itsasontziak itsas kiroldegiko pantalanean geldialdia egin ondoren. 

Patxita Etxezarretan barrena hasi dute kabalkada karrozetara igota, pajeen laguntzarekin, eta Txomin Agirre kaira jo dute gero. Ordurako etxeko txikienak Errege Magoen zain zeuden, eta magiaz eta kolorez beteriko desfilea iristearekin batera, karamelu ugari jaurti dizkiete. 

Pulpo parean buelta eman eta Erribera kalean sartu da jarraian kabalkada, Beheko plazako jaiotzara bidean. Amaieran, Zuloaga plazatik eta Zubitxikitik barrena, Etxezarreta kalera heldu dira eta handik itsas kiroldegi parera bueltatu dira aurtengo desfilea amaitzeko.