0-6 urte arteko haurren gurasoentzat bizipen tailerrak eskainiko dituzte

Maria Maya Manterola 2022ko abe. 17a, 11:00

Astelehenetik hilaren 23ra artean eman ahal izango da izena, 20 euroren prezioan. Urtarrilaren 17an, otsailaren 7an eta martxoaren 14an izango dira saioak, eta soluzioak bilatzeko, gogoeta egiteko edota kezkak eta ideiak partekatzeko beta hartuko dute.

Jon Urdineta eta Itziar Rosado psikomotrizisten eskutik, 0-6 urte arteko haurren gurasoei zuzendutako bizipen tailerrak antolatu dituzte Gizarte Zerbitzuek. Hiru saioko programa izango da aurtengoa, eta asteartetan bilduko dira –urtarrilaren 17an, otsailaren 7an eta martxoaren 14an–, 17:00etatik 19:30era. Soluzioak bilatzeko, gogoeta egiteko edota kezkak eta ideiak partekatzeko beta hartuko dute saio horietan. 

Saioak euskaraz izango dira, baina eskatzaileen beharraren arabera, gaztelerazko bigarren talde bat osatzea aztertuko dute Gizarte Zerbitzuetako arduradunek. Interesdunak Gizarte Zerbitzuekin jar daitezke harremanetan. 

Izen-ematea, astelehenetik

Tailerretan parte hartu nahi duten gurasoek astelehenetik hilaren 23ra bitartean izango dute izena emateko aukera, ikastetxeek posta elektroniko bidez zehaztutako moduan edo Gizarte Zerbitzuetara jota. Matrikulak 20 euro balio ditu, eta honako kontu korrontean sartu beharko da dirua: Kutxabank ES28 2095 5174 90 1060024873. Ordainagiria izen-ematea egiterako orduan aurkeztu beharko da.

Guraso eskolak ere abian

Sare berriak sortu nahiz bidelaguntza eskaintzea eta gurasoak heziketa prozesuan inplikatzea dira Zumaiako Guraso Eskolaren helburuak, eta Gizarte Zerbitzuek, Hezkuntza eta Gazteria sailek eta herriko hezkuntza komunitateek elkarlanean antolatutako programa da. 0-18 urte arteko haur eta gazteen gurasoei zuzenduta dago, eta hiru taldetan banatuta, adin-tarte bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako formakuntza jasotzeko aukera izaten dute gurasoek. 

Udalak Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren laguntza jasotzen du programa antolatzeko, eta hitzaldietako batzuk Treba Gurasoak programaren barruan kokatzen dira.